211 lagun izena emanda jada, urtarrilaren 28ko Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" probarako

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 15a, 09:08

Gorantz doa etengabe Irisasi BTT “Hotzak akabatzen” ekimenerako izen emate kopurua. Astelehen goiz honetarako jada 211 lagunek izena emana zuten urtarrilaren 28an ospatu eta bizikleta gainean egingo den mendi probarako, tartean 33 usurbildarrek. Gainerakoan, Donostialdea, Buruntzaldea, Urola Kosta, nahiz Hego Euskal Herriko txoko desberdinetako kirolariak daude inskribatuak.

Urtarrilaren 28an ospatuko den mendi bizikleta gaineko probarako inskripzioak kirolprobak.com atarian sartuta bidera ditzakezue hilaren 26ra arte. Federatuek 18 eurotan, federatu gabeek 20 eurotan. Proba egunean bertan, 8:45 arte ere izen emateko aukera izango duzue 25 eurotan. Apuntatzen diren lehen 500 lagunek mallota jasoko dute opari. Urtarrilaren 28ko proban, zailtasun maila ezberdinetako hiru ibilbideren artean hautatu ahalko dute parte hartzaileek. Goizeko 9:00etan irtengo dira Mikel Laboa plazatik.

Antolakuntzaren oharra: kirol ekimen honetan parte hartu nahi duten 16 urtetik beherakoak Irisasi BTT-koekin hartuemanetan jarri beharko dira, irisasibtt@gmail.com helbidera idatziz. Informazio gehiago, andatzamendizale.info atarian.