Aurreko urteetan baino kolore argiagoa, usaimenean oso garbia, karboniko maila onekoa eta oro har, sagardo oso orekatua dastatuko dugu abian den txotx bolada honetan. Sasoi berria gaur eguerdian aurkeztu du Sagardoaren Lurraldeak, Astigarragan ospatzen ari diren 25. Sagardo Berriaren Egunaren baitan.
Erakunde ezberdinetako eta sagardogintza sektoreko ordezkariak bildu dituen ekitaldian azpimarratu dutenez, sagar ekoizpena oso ona izan da, uzta historikoa lortu dela diote. Kokagune desberdinetako sagastien artean ezberdintasunik nabarmenik ez omen da izan, bai aldiz, sagar barietateen artean. Heldutasuna aurreratu omen da oraingoan, 17. urtez segidan, iraila hasieran Fruitel eta Sagardoaren Lurraldeak Gipuzkoako sagasti ezberdinetako sagarraren egoera ezagutzeko egin zuten kontroleko emaitzen arabera. 14 barietate kontrolatu zituzten: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Manttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi txiki eta Verde Agria.
Aurpegi ezagun ugari
Urtero gonbidatzen dute aurpegi ezagunen bat txotx boladaren hasierara; aurtengoan Alberto Iñurrategi eskalatzaile eta mendizaleak izan du Astigarragako Gurutzeta sagardotegian ospatu duten txotx irekieran lehen tragoa edateko ohorea. Eta berarekin batera, 2018koa 25. edizioa izanik, azken mende laurdenean gonbidatu izan duten jende ezagun gehiago ere bertaratu da ekitaldira: Andoni Egaña bertsolaria, Jose Luis Korta arraunlaria edota Abraham Olano txirrindularia tartean.
Zenbakitan
-12 milioi litro ekoiztu dira Euskal Herrian.
-Ekoizpenaren %30a bertako sagarrarekin eginikoa.
-48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: Gipuzkoako 41ek, Bizkaiko 5ek eta Arabako 2k.
-Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko sagardoa ekoizteko, 250 hektarea eta 200 sagardogile baino gehiaogoren 6 bat milioi kilo sagar erabili da.
-11, 7 º Brix-koa izan da azukre maila, azken urteotakoa.
-Almidoiaren erregresioa aldiz, 3,8koa, "azken bost urteetako altuena".
2018rako erronkak
Hainbat erronka marraztuak ditu urte berrirako Sagardoaren Lurraldeak. Batetik Euskal Herria munduko sagardo turismoaren mapan kokatzea. Norabide horretan hainbat urrats eman direla gogorarazten dute. "Nazioarteko hedabideeetan eta sareetan komunikazioa indartu da, atzerriko publikoari begirako esperientziak sortu dira eta sagardoari buruzko II. Sagardo Forum jardunaldiak ospatu dira". Eta aurten, sagardo turismoaren inguruko nazioarteko sare bat osatu asmo dute.
"Euskadiko sagardotegietan gastronomiari lotutako eskaintza turistikoa" ikerketa proiektua garatu eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten sagardotegien mapa osatuko dute aurten. Sagardoaren ekoizpen prozesuaren urtaroko zikloarekin lotutako ekitaldiak ospatu nahi dituzte, edota Sagardoetxea Museotik Sagardoaren Lurraldeko sagardotegiek nazioartean ekoizten dituzten produktu ezberdinak hedatu.