Gipuzkoa mailako deialdia egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak urtarrilaren 27rako. Erraustegiaren goi-tentsioko linearen aurkako mendi martxa antolatu dute hilabete honetako azken larunbaterako. Egitasmo honi buruzko zehaztasunak ezagutzeko aukera egongo da, hain zuzen goi-tentsioko lineak zeharkatuko dituen parajeetan.
Gogoan izan, 2016ko udazkenean ohartarazi zuen Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak goi-tentsioko linea eraiki nahi zuela Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), erraustegia sare elektrikora lotzeko. “Linea berria, 132 kV-koa, erraustegian bertan hasi eta sare nagusiarekin Urnietan lotuko litzateke, Elutsetako Arkaitzen inguruan. Guztira 5 kilometro, Zubieta, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietan barrena”, aditzera eman zuten.
Udazken honetan urrats berri bat eman zuen GHK-k. Goi tentsioko linearen lizitazioa abiatu zuen. Lizitaziorako eskaintzak aurkezteko hilabeteko tartea egon zen urria eta azaroa artean. Behin kontratua formalizatu ostean, urtebeteko epea izango luke esleipenaren onuradunak, goi-tentsioko linea eraikitzeko.
Goiko irudia: Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataforma.
Urtarrilak 27, larunbata
Irteerak Azkortera:
10:00 Lasarte-Oriako Okendo plazatik eta Andoaingo Goiko Plazatik.
10:30 Urnietako Zaldundegitik eta Hernaniko Gudarien Plazatik.
11:30 Proiektuari buruzko informazioa eskainiko da Azkorteko ermitan.
Ondoren, Lasarte-Oriara ibilbidea.
13:00 Azken ekitaldia Lasarte-Oriako Okendo plazan.
Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.