Erraustegia langileak esplotatuz ari direla eraikitzen salatu du ELAk Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 17a, 15:38

Begi bistakoa denez, erraustegiaren eraikitze lanak abiada bizian doaz bai, baina langileak esplotatzearen bizkar. Hala salatu du beste behin ELA sindikatuko ordezkaritza batek, asteazken goiz honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian. Igor San Jose eta Josu Galarraga ELA-ko kideak EAJ, EHBildu, PSE, Ahal Dugu-Podemos eta PP alderdietako batzarkideekin bildu dira. Esteka honetan ikus dezakezue agerraldia: https://www.youtube.com/watch?v=-AfyV2m_2dI

Izaera publikoa duten Gipuzkoako obra nagusietan, tartean Zubietako erraustegian, baina baita Txomin-Eneako etxebizitzetan, Deskargako obretan, nahiz Abiadura Handiko Trena (AHT) zein Anoeta futbol zelaiko lanetan ere langileen lan baldintzak urratzen direla salatu dute. Ez dela eraikuntzako lan hitzarmena aplikatzen, "ezta gutxieneko lan baldintza duinak" ere, "nabaria dela prekarietatea eta iruzurra Gipuzkoan eraikuntza sektorean".

Langileen ahultasun egoeraz baliatzen

Obra guztiotan, langileen lan baldintzak oso antzekoak direla nabarmendu dute. Proiektu guztiok langileak esplotatuz eraikitzen ari direla ozen salatu dute. Kasu askotan migranteak dira langileok, etorkizun hobe baten bila gure artera etorriak. Sarritan ez dute ezagutzen non lan egiten duten, bizi duten esplotazio egoera salatu ezinik sentitzen dira asko, norabide horretan pausoren bat emanez gero kaleratzeko mehatxupean bizi dira. 

Kontratatzaileei halako lan merkatua izatea interesatzen zaiela salatu du ELA-k, "bai baitakite langileok ez direla antolatzen edo ezin dutela salatu". Sindikatu gisa, dagokiena egiten ari direla diote. "Gure lana haiekin egotea da, haiek antolatzea eta haiek beldurragatik salatzen ez dutena salatzea", zioten Batzar Nagusietako bilkuran.

Egitasmo guztion atzean, azpikontrata berak daudela gogorarazi diete batzarkideei. Erraustegia jarri dute horren adibide gisa. Lotsagarritzat jo du ELA-k, "guztia azpikontratatzen duten enpresei esleitua" izan den Zubieta gainean eraikitzen ari diren hondakinen tratamendu planta. Diputatu batzuei entzuna omen diote nola esan izan duten, erraustegiko lanak martxa onean, oso azkar doazela. "Azkar, bai" zioten ELA-ko kideek Batzar Nagusietan, "langileek asteko 7 egunetan lan egitearen bizkar". 

"Mobilizazio eta salaketak ugarituko ditugu"

Aski dela, horrela ezin dugula jarraitu argi adierazi zuen aipatu sindikatuak urrian egin zuten agerraldian, baita lehendik eta gerora ere, gaur bezala, Batzar Nagusietan nahiz beste gune batzuetan, baina ELA sindikatuko ordezkariek ziotenez, "badirudi ez dela ezer gertatzen, badirudi gezurra esaten dugula baina beti frogatu egiten dugu". Eta behin baino gehiagotan azpimarratu izan dute, bildutako frogak eta salaketak mahai gainean jarri izan dituztenean, enpresa edo auzitegiek arrazoi eman izan dietela. Inork ezin izan diela ukatu, ukaezina den errealitatea.

Berriki erraustegiko enpresa eraikitzaileekin egin duten bilkuran, otsaila hasierara arteko epea eman die sindikatuak egoera guzti hau bideratzeko. Otsaileko lehen astean enpresekin biltzekoak dira berriz. Langileen egoera konpontzen ez bada, ez dute baztertzen, obrak geldiaraztea. Argi zioten Batzar Nagusietan: "Ez gara geldituko langileen lan baldintza duinak lortu arte. Mobilizazio eta salaketak ugarituko ditugu", iragarri dute.

Erraustegiko langileen lan-baldintzak

-Asteko 7 egunetan lan egiten dute.

-Astelehenetik larunbatera 11 orduko lan egunak izaten dituzte. Igandeetan, 7-8 ordukoak.

-Badira 27 egunez segidan, jai egunik gabe lan egin izan duen langilerik.

-Ordu estra bakoitzeko 8-9 euro kobratzen dute. Gipuzkoako hitzarmena beteko balitz, 25,95 euro kobratu behar lukete.

-Hilabete batean 105 ordu estra egitera heldu dira. Legearen ikuspuntutik, urtean 80 ordu estra baino gehiago ezin dira egin.

-Dietarik ez dute.

-Gipuzkoako hitzarmenak finkatutakoaren azpitik, %60 gutxiago kobratzen dute.

-Ez dute jai egutegirik. Opor egunak noiz izango dituzten jakin ezinik izaten dira.