ELA Gipuzkoako batzarkideei: "Prekarietatea eta iruzurraren alde kokatzen bazarete, aurrez aurre izango gaituzue"

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 17a, 15:00

Gipuzkoan izaera publikoko obra nagusietan, tartean Zubietako erraustegiko eraikitze lanetan, langileak esplotatzen dituztela salatu du ELA sindikatuak asteazken honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eskuartean dituzten frogek agerian uzten duen errealitate ukaezin honen aurrean, ohartarazpen argia egin diete EAJ, EHBildu, PSE, Ahal Dugu-Podemos eta PP alderdietako batzarkideei. "Lotsagarria da gertatzen ari dena eta geratu beharra dago. ELA sindikatuan prekarietatearen eta iruzurraren aurka gaude. Alde kokatzen bazarete, gu aurrez aurre izango gaituzue", adierazi die ELA-k gipuzkoarron ordezkari politikoei.

Galdera argia luzatu diete batzarkideei. "Erakundeek asko dute esateko. Zuek zer egingo duzue errealitate hau aldatzeko?". Iritzi ezberdinak eman dituzte eragile politikoek.

Xabier Ezeizabarrena (EAJ): "Pertzepzio desberdinak egon daitezke"

ELA-k bost obra publikoetan diharduten langileen lan baldintzak salatu dituen arren, Bidegi eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK) lotutako bi obrekiko erantzukizuna agertu du bereziki EAJ-ko ordezkariak, Foru Aldundiak esleitutako proiektuak direlako biak; Deskargakoa eta Zubietako erraustegia. Sindikatuko ordezkariak emandako informazioa egitasmootan ardura dutenei helarazteko konpromisoa hartu du Xabier Ezeizabarrenak. 

Halere, neurri batean garrantzia kendu die ELA-k eginiko salaketei. Irregulartasun larriak salatu dituztela, baina "pertzepzio desberdinak egon daitezkeela" zioen Ezeizabarrenak. EAJ-ren ordezkariaren esanetan, "obra publikoetako langileen balorazio orokorra egiten duzue" eta ñabardurak zehaztu beharra ikusi du, "bestela badirudi, langileen ehuneko ehuna dagoela egoera prekario eta ilegalean".

Judit Garcia (EHBildu): "Erakundeei dagokie langileen lan baldintzak defendatzea"

ELA-ren lekukotzaren gordintasuna nabarmentzearekin batera, "alarma guztiak piztu dituzue" adierazi du EHBilduren batzarkideak. Mila milioi eurotako obra hauetan etekin ekonomikoa besterik ez dela lehenesten salatu du Judit Garciak, eta "ez da onargarria". Oso larritzat jo du, "administrazioak obra publiko hauek edozein baldintzatan aurrera eraman ahal izatea, kasu honetan langileen kontura". 

Bere esanetan bestaldera begiratzen duten erakundeek duten erantzunkizuna gogorarazi du. "Gutxiengo legala ere ez da betetzen ari". Nahiko diru ez dela bideratzen zioen, "gehiegikeria hauen jarraipena egitera eta langileen eskubideak bermatzera". Argi zioen, "horretarako ez dago inolako jarraipen, aurrekonturik. Milaka milioi euroko inbertsioak izan arren".

Obra hauek Gipuzkoaren garapenerako proiektu estrategikotzat jotzen dituzte agintean diren alderdiek, baina "estrategikoak zertarako, zeinentzako? Ez enplegu duina sortzeko, lurralde oreka ekonomikoa sustatzeko, baizik eta prekarietatea erabat zabaltzeko". 

Ezinbestekotzat jotzen du EHBilduk, kontratu publikoetan klausula sozialak txertatu eta betearaztea, baita "azpikontratazioa arautu eta mugatzea" ere. Gogorarazi duenez, langileen lan baldintzak bermatzen dituen eta eraginkortzat jo dituen bi foru arau ditu Gipuzkoak, aurreko legegintzaldian onarturikoak. "Legeak ahalbideratzen du langileen lan baldintzak defendatzea erakundeen aldetik eta erakundeei dagokie hori egitea", nahiz horretarako borondate falta sumatzen duen. Arauok betearaztea exijitzen segitzeko asmoa azaldu du EHBilduk. 

Monica Mora (Ahal Dugu-Podemos): "Obraren exekuzioa beste edozein interesen gainetik nagusitzen da"

ELA-k mahai gainean jarritako egoera oso larri eta kezkagarritzat jo du Ahal Dugu-Podemosek. "Ez da lan hitzarmea betetzen ezta gutxieneko legalak ere". Nabarmendu du, langileek esplotazio egoerok salatzeko duten beldurra. Proiektuok ez langileak ezta herrialdea ere ez dutela errespetatzen zioen Monica Morak. "Argi geratzen zaigu, lan baldintza hauek obra gehienetan errepikatzen direla". Bere esanetan, "obraren exekuzioa beste edozein interesen gainetik nagusitzen da". 

Egoera honen aurrean, prebentzioan eragin beharra dagoela nabarmendu du, neurriak hartzeko prestasuna adieraztearekin batera. "Prest gaude erantzukizunak hartzeko. Kontratazio mota hauetarako kontrol eta jarraipen neurriak tratatuko ditugu". Honez gain, espero du, "bakoitzak dagokion ardura bere gain hartzea eta horrelako agerraldiak benetan aldaketarako motibagarriak izatea". 

Mikel Antxon Arrizabalaga (PSE): "Egoera hau aldatzeko proposamen praktikorik baduzue?"

Foru Aldundian agintean den alderdietako baten, PSE-ren ordezkariak ELA sindikatuari, "egoera hau aldatzeko proposamen praktikorik baduzue?", galdetu dio, Aldundia "lan ikuskaritza" ez dela gogoraraztearekin batera. Foru Aldundiak berak esleitutako obraren exekuzioa kontrolatzea zaila dela adierazi dio Mikel Antxon Arrizabalagak. 

Juan Carlos Cano (PP): "Lan ikuskaritzak ere errealitate hau onartu badu, egokitu beharko da"

Udalerri, Gipuzkoa, EAE eta estatu mailako erakundeak inplikatuta egonik, gutxienik udal, Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzarekin batera bildu eta adostasunera heltzea ahalbidetuko duen elkargune bat egotea defendatu du Juan Carlos Canok. "Adierazten ari zareten errealitatea modu integral batean ikusgarri egingo duen mahairen bat egon beharra dago", azpimarratu du. "Horretan aurrerantz jo behar da", zioen.

Are gehiago, errealitate hau lan ikuskaritzak ere onartu duela ikusirik. "Lan ikuskaritzak ere errealitate hau onartu badu, egokitu beharko da", zioen Canok. Gaineratu duenez, "gizarte politika onena, langabezia tasa onena, diru-bilketa publiko ona, egoera pribilegiatua edo nabarmena badugu estatu barruan, eraikuntza sektorean ere gauza bera gertatu behar luke".