Urtarrilaren 27ko erraustegiaren aurkako mendi martxara Usurbildik abiatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 18a, 13:00

Erraustegiaren goi-tentsioko linearen proiektua ezagutzeko urtarrilaren 27an antolatu den mendi martxara joateko, Usurbildik abiatzeko deia egin da. Hilaren 27an aipatu moduan, goizeko 9:15ean frontoian biltzeko gonbita luzatu da. Gero bertatik kotxez Lasarte-Oriara joateko. Han, goizeko 10:00etan Okendo plazatik abiatuko da Azkorte ermitarantz oinez, herritar zutabeetako bat. Beste herritar zutabe bana abiatuko da Andoain, Urnieta eta Hernanitik.

Erraustegia hornituko duen goi-tentsioko linea berria eraikitzera doaz. Proiektu honen xehetasunak ezagutzeko aukera izango da, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak urtarrilaren 27an Azkortera antolatu duen mendi martxan. Goi-tentsioko linea berri hau nondik igaroko den bertatik bertara ikusteko aukera izango da. Erraustegiari ezetz esateko aukera berri bat ere izango dela nabarmendu dute deitzaileek. "Izan ere, erraustegiak kalte egiten die pertsonen osasunari eta ingurumenari, birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren bidean aurrera egitea oztopatzen du, eta sekulako zuloa egiten du gaurko zein biharko gipuzkoarren poltsikoan". 

Ohar bidez, proiektuaren zenbait xehetasun aurreratu dituzte. Batetik, goi-tentsioko linea berriak eskualdea zeharkatuko duela; Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria eta Zubietako nekazal lur eta basoak. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak helarazitako ondoko irudian ikus dezakezue proiektuak kaltetuko duen ingurunea. "Linea osoan, bataz besteko 40 metroko zabaleran, zuhaitzak moztu egingo dira, eta ezin izango da berririk landatu", zehaztu dute. Begi bistakoa da beraz ingurumenean izan dezakeen eragina. 

Ingurumen eraginaren baimenaren zain

Proiektua zertan den ere zehaztu dute. "Une honetan proiektua Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren Ingurumen Eraginaren Deklarazioaren zain dago. Behin tramite hori gaindituta, deklarazioa jendaurrean jarri beharko da eta helegiteak jartzeko tartea zabalduko da. Ondoren, Industria Sailera joango litzateke proiektua eta hark baimendu ostean, lur desjabetzeak eta eraikuntza lanak hasiko lirateke. Obra Iberdrolak egin eta kudeatuko luke".

Honatx Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak proiektuari lotuta plazaratu dituen zenbaki gehiago:

-132 kilovolteko potentzia izango du.

-Urtean 160.000 megawatt sortzeko gaitasuna.

-Soilik erraustegia hornitzeko eraiki nahi da.

-Linearen luzeera: 5.422 metro.

-Linearen "ibilbidea": erraustegia eraikiko den gunetik Urnieta eta Hernani arteko mugatik gertu, A-15 autobide ondoraino. "Han, Santa Barbara azpitik Usurbildik datorren goi tentsioko linearekin bat egingo luke".

-50 metro karratuko lur eremua okupatuko luketen 30-36 metro arteko 21 dorre eraiki nahi dituzte.

 

Urtarrilak 27, larunbata

Irteerak Azkortera:

09:15 Usurbilgo frontoian biltzeko deia. Handik kotxez Lasarte-Oriara. 10:00etan Okendo plazatik abiatuko den zutabearekin bat egingo da.

10:00 Lasarte-Oriako Okendo plazatik eta Andoaingo Goiko Plazatik.

10:30 Urnietako Zaldundegitik eta Hernaniko Gudarien Plazatik.

11:30 Proiektuari buruzko informazioa eskainiko da Azkorteko ermitan.

Ondoren, Lasarte-Oriara ibilbidea.

13:00 Azken ekitaldia Lasarte-Oriako Okendo plazan.

Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.