"Gurekin lan egin nahi?". 0-3 urte arteko haurrak hezten lanean diharduen Usurbilgo Haur Eskolak lan poltsa osatu nahi du. Interesdunek deialdi honetan parte hartzeko epea zabalik dute jada, Udarregi Ikastolatik aditzera eman dutenez. Sartu udarregi.eus atarian eta bertan duzuen galdetegia bete behar da. Galdetegiaren hasieran ohartarazten dutenez, "hemen azaltzen diren datuen froga eskatuko da lan eskaeraren bat onartzen bada, nahiz eta aldi batekoa izan. Datuak ez badatoz bat hemen azaltzen direnekin, betirako kenduko da zerrendetatik eta ez du berriz aurkezteko aukerarik izango. Erantzun aurretik, mesedez ondo irakurri eskatzen dena".
Danbor hotsen atarian
Ohi bezala, Donostia Eguna bezperan ospatuko dute Usurbilgo ikastetxeek, ostiral honetan bertan. Udarregi Ikastolakoen kasuan, HH eta LH-ko ikasleak irtengo dira Agerialdeko patiora danborra jotzera. Eguraldi txarra bada, aipatu eraikineko aterpeak baliatuko dituzte danborrada saioak ospatu ahal izateko. Hitzordu hauei begira, ikasleei zuzenduriko zenbait ohar plazaratu dituzte ikastolatik. HH-koen gurasoei dagokienez, "egunean bertan, haurrak galtza bakeroekin edo urdinekin eta lepoko zapiarekin bidal itzazue". LH-koen kasuan, "gogoratu, ikasleek galtza bakeroa edo urdina, alkondara edo niki zuria eta laukidun lepokoa jantzi behar dituztela".
Urtarrilak 19, ostirala
Udarregi Ikastolan:
15:45 HH-koen danborrada saioa Agerialden. Eguraldi txarra egingo balu, Agerialdeko patioko aterpean.
16:10 LH-koen danborrada saioa Agerialdean. Eguraldi txarra egingo balu, Agerialdeko sarrerako frontoi txikietan.
Antolatzailea: Udarregi Ikastola.