Usurbilek ere "Euskaraldia" ekimenarekin bat egingo du

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 18a, 14:49

Euskara hitz egiten edo ulertzen dutenekin 11 egun euskaraz aritzea, horixe egitea proposatzen digute Euskal Herri osoan eta aldi berean, 2018ko azaroaren 23tik Euskararen Egunera, abenduaren 3ra, "Euskaraldia" ekimena sustatzen ari diren elkarte, eragile eta erakundeek. Tartean, NOAUA! kide duen Euskaltzaleen Topaguneak eta Tokikom-ek, edota Usurbilgo Udala kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Baita AEK-k, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Kontseiluak, UEU-k, Behatokiak, Irrien Lagunek, EHU-k... Eragile anitzek beraz. "Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake", gogorarazten digute. 

Euskararen erabilera sustatzea helburu nagusi duen ekimenari buruzko argibideak euskaraldia.eus atarian dituzue. 11 egunez, inguratzen gaituzten senide, lagun, lankide eta abarrekin bi roletako batean euskaraz aritzea proposatzen diete 16 urtetik gorako herritarrei. "Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan". "Ahobizi" edo "Belarriprest" izatera gonbidatzen gaituzte:

-Ahobizi: "Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet".

-Belarriprest: "Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut".

Usurbilen ere martxan

Hainbat herri Euskaraldira batzen hasiak dira jada. Euskararen erabilera sustatzeko ekimen desberdinak antolatzeko lanetan dabiltza, tokian tokiko euskaltzaleak. Euskaraldia bere egin, eta herri bakoitzak bere errealitate soziolinguistikora eta errealitatera moldatzen.

Deialdi honen oihartzuna Usurbila ere heldu da. Usurbilgo Udalak eta NOAUA! K.E.-k deituta gai honetan zer egin zitekeen aztertzen hasi ziren asteazken honetan, euskalgintzan lanean dabiltzan udal, herri eragile desberdinetako ordezkari eta norbanakoak. Potxoenean bildu ziren guztiak; Kantu Taldea, Etumeta AEK euskaltegia, Bota Punttuba Bertso Eskola, Udarregi Ikastola, gazte mugimendua, Usurbilgo Artixten Taldea, Zumarte Musika Eskola... 

Egitasmo hau Lasarte-Orian nola gauzatzen duten azaldu zuten AEK eta Ttakun Kultur Elkarteko kideek. Usurbilen zer egin daitekeen aztertzen aritu ziren atzoko saioan eta horretan segi nahi dute gainera, elkarlanean sakontzeko prestasuna eta gogoa adierazi baitzuten bertaraturikoek. Berriz biltzeko hitzordua finkatu zuten baita. Datorrena bilera irekia izatea erabaki zuten, herri osoari zuzendurikoa beraz. Hemen duzue datorren bilkuraren hitzordua; otsailaren 7a (asteazkena), arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. 

Kaleko erabilera beherantz

Une ezin aproposagoan dator Euskaraldia Usurbila. Iaz argitaratu ziren, Usurbilgo Udalaren enkarguz, Soziolinguistika Klusterrak 2016ko udazkenean euskararen kale erabilera neurtzeko eginiko azterketaren emaitzak. %54koa da euskararen kaleko erabilera udalerri honetan. 2011n egin zuten aurreko neurketan %61,9koa zen. 8 puntu egin du behera honenbestez, euskararen kaleko erabilerak.

Irudia: Usurbilgo Udala.

https://twitter.com/usurbiludala/status/953687662392676353