Urrun egon daitezkeela pentsatu arren, guztia prest izateko antolaketa lanak garaiz bideratzea ezinbestekoa izaten da. Jai Batzordea uda hasieran Usurbilen ospatuko diren festak antolatzen hastear da. Lehen bilerarako hitzordua finkatu dute jada; otsailaren 6an (asteartea) hain zuzen, arrastaldeko 18:00etan Potxoenean.
Bilgune irekia da Jai Batzordea, eragile nahiz herritar orori irekia egoten da. Batzorde honetan hartu ohi dituzte, festen antolakuntzari lotutako erabakiak. Lehen bilera honetan esaterako, festa egunak, datak finkatuko dituzte. Eta bertaratzen direnen ideia eta proposamenak biltzen ere hasi nahi dute. Normalean, otsailean hasi eta maiatza aldera arte hilero biltzen da Jai Batzordea, festen prestaketen hari mutur guztiak ondo lotu arte.
Gogoan izan, bilgune honetatik antolatu ohi dira egitaraua diseinatzeko lehiaketa nahiz txupinazoa nork jaurti erabakitzeko proposamen bilketa ere.
Deitzaileek, bilerok izan ohi duten harrera nabarmetzen dute. "Azken urteetako jai-batzordeak oso jendetsuak izan dira, eta emaitza ere, halakoxea izan da, horrenbestez: jai parte-hartzaileak, herrikoiak eta egitarau oparoa", gogorarazten dute.
JAI BATZORDEAREN BILERA
Eguna: otsailak 6, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Potxoenea.
Zehaztasunak: Usurbilgo jaiak prestatzeko lehen bilera. Bilera irekia, herritar nahiz eragileentzat. Lehen saio honetan, jai egunak finkatu eta bertaratzen direnen ideia edo proposamenak biltzen hasiko dira.
Deitzailea: Usurbilgo Jai Batzordea.