Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deitu du mobilizazioa hilaren 26rako, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Euskal presoen eta haien senideen eskubideak urtea darama Xua Usurbilen nahi dutela aldarrikatzen. Askoz lehenagotik noski, gauza bera eskatzen Olatz, Patxi eta gainerako euskal presoen kasuan.
Etenik gabekoak izan dira azken urtean, Xua, Olatz eta Patxiren eskubideak betearaziak izateko eskaerak, bizi duten egoera bidegabea salatzeko ekimenak eta elkartasun mezuak. Laburpen gisa, azken urteak emandakoa irudiotan bildu dugu:
2017/01/25: Olatz Lasagabasterren izeba Arantza Anzaren "Gizatasuna guztiaren gainetik" eskutitza GARA egunkarian.
2017/01/27 Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deitutako elkarretaratze berezia. Besarkadak eta animu mezuak Xua jaio berriarentzat eta biloba ezagutzera joan, ondoezik sentitu eta Valentziako ospitaleko ZIU-n ingresatu behar izan zuten Mari Karmen Anzarentzat. Hemen mobilizazio hartako irudiak eta kronika.
2017/01/31 Usurbilgo Udaleko udalbatzaren osoko bilkuran, EHBilduk aurkezturiko mozioa onartu zuten gehiengo osoz: "Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatzen dugu".
2017/02/01: Olatz Lasagabasterren eta Patxi Urangaren Orioko lagunen gutuna, Orioko Karkara aldizkarian: "Haur jaio berri bat preso?"
2017/02/08: Xua ezagutzeko baimena eskatua izan arren, hiru aste beranduago lekuz aldatu zuten Patxi Uranga Alacanteko espetxetik, Olatz eta Xua zeuden Valentziako Picassent espetxera.
2018/02/10: Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatu zuten Orion, agerraldi bidez.
2017/02/15: Usurbilgo Sorturen idatzia NOAUA!n. "Xua, Olatz, Patxi eta Mari Karmeni une zaila bizitzen ari zareten honetan, samin guztien gainetik gure animu eta besarkada maitakorrenak helarazten dizkizuegu. Eta bereziki zuri Xua guk izan duguna baino Euskal Herri aske eta hobeago bat izan dezazun lanean jarraituko dugu. Borreroaren mila aurpegiek ez dezatela gure irribarrea itzali".
2017/02/16: Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman zutenez, Valentziako ospitaletik hain zuzen, Mari Karmen Anzak bere esker ona helarazi nahi izan die usurbildarrei, erakutsitako elkartasunagatik.
2017/02/24: Zubiaurreneako muralaren inaugurazioan, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik hala zioten: “halako muralak, horrelako kontzentrazioak, aspaldi egiten ditugun ekimen eta aldarrikapenak egin behar ez izatea. Horrek esan nahiko luke preso eta iheslari guztiak gure artean, etxean izango genituela. Ahalegin horretan jarraituko dugu tinko, denok batera lortu arte”. Valentziako ospitaleko ZIU-tik atera berri zen Mari Karmen Anzaren aldeko elkartasun argazkia atera zuten. Anzak ospitaletik emandako eskerrak ere helarazi zituzten: “Ikaragarria izan da jaso dugun babesa. Denbora honetan guztian ezin nuen adierazi, baina hala sentitzen nuen. Eskerrik asko benetan denoi!”.
2017/03/01: Mari Karmen Anza Valentziako espetxetik Donostiakora ekarri zuten.
2017/03/06: Patxi Uranga euskal presoa Valentziako Picassent espetxean geratuko zela berri eman zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.
2017/03/16: Xua Lasagabaster Urangaren eskertza gutuna usurbildarrei: "Xua naiz eta eskerrak eman nahi dizkizuet niri ongi etorria emanez eta amonari, amatxori eta aitatxori elkartasuna adieraziz, idatzi eta elkarretaratzeetan bildu zareten guztiei".
2017/03/31: Usurbilen Nahi Ditugu, azken ostiraleko elkarretaratzean: "Mari Karmen Anza etxean da".
2017/04/28: Azken ostiral hunkigarria, Mari Karmen Anzaren itzulerarekin. Olatz Lasagabastarren urtebetetzea tarteko, ondoko argazkia atera zuten.
2017/05/21: Sagardo Egunean ere, Olatz, Patxi eta Xua gogoan.
2017/07/01: Usurbilgo jaietan ere, Xua, Olatz eta Patxi Usurbilen nahi dituztela aldarrikatu zuten. “Gatazka behin betiko konponbidean jartzeko gero eta argiago dago Euskal Herrian ez ezik, beren etxeetan, gure artean behar ditugula, bai presoak eta bai iheslari eta deportatu guztiak”.
2017/11/24: Usurbilen Nahi Dituguk, Matrakak Talde Feministak, Usurbilgo Ernaik eta Sortuk deitutako elkarretaratze bateratua. Hitzorduak bi aldarri lotu zituen; euskal preso eta haien senideen eskubideen aldekoa eta Azaroaren 25ari lotutakoa. Adierazpen bateratua plazaratu zuten. "Olatz Lasagabaster herrikidea ekarri nahi dugu gogora, herritik 564 kilometrora gatibu dute. Bidelagun duen Patxi Uranga ere espetxe berean dute preso eta bien alaba, Xua, ere han da... Olatzek berarekin du Xua eguneko hogeita lau orduz; Patxik, aldiz... Legez debekatua du. Aurrez aurrekoetan eta bisitetan bakarrik ikus dezake Xua... Nabarmentzekoa da urruntze-politikaren ondorioz, Xuak oraindik ez duela Usurbil ezagutzen... ".
2017/12/19: Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deitutako hitzaldia Sutegin. Euskal presoen "motxiladun haurren" errealitatea ezagutzeko aukera izan zen. Besteak beste, Mari Karmen Anzak parte hartu zuen saioan.
2017/12/24: Xua, Olatz eta Patxiren etxeratzea eskatu zuten gabonetako kantu-jira berezian.
2017/12/31: Urtea amaitzear zela, 2018an euskal preso eta iheslarien egoera konpontzea eskatu zuten, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko ekitaldian.
2018/01/13: Sarek Bilbon deitutako manifestazioaren aurretik, motxiladun haurren deialdiari erantzunez, Xua eta espetxean amekin bizi diren gainerako haurrentzako elkartasun argazkia atera zuten Porrotxekin, Bilboko Areatzako karpagunean.