Ia 300 lagun, Irisasi BTT-ren "Hotzak Akabatzen" proban parte hartzeko prest

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 22a, 12:34

Izen emateko azken egunak dituzue. Ostiralera arteko (urtarrilak 26) epea duzue, Irisasi BTT-ren "Hotzak Akabatzen" proban inskripzioak bideratzeko. Sei egun barru ospatuko da mendi bizikleta gaineko kirol proba, hilaren 28an. Goizeko 9:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Mikel Laboa plazatik. Aukeran zailtasun maila ezberdineko hiru ibilbideetako bat osatu ahal izango dute.

Gorantz doa etengabe Irisasi BTT “Hotzak akabatzen” ekimenerako izen emate kopurua. Astelehen goiz honetarako ia 300 lagunek izena emana zuten urtarrilaren 28an ospatu eta bizikleta gainean egingo den mendi probarako, tartean 43 usurbildarrek. Gainerakoan, Donostialdea, Buruntzaldea, Urola Kosta, nahiz Hego Euskal Herriko txoko desberdinetako kirolariak daude inskribatuak.Urtarrilaren 28an ospatuko den mendi bizikleta gaineko probarako inskripzioak kirolprobak.com atarian sartuta bidera ditzakezue hilaren 26ra arte. Federatuek 18 eurotan, federatu gabeek 20 eurotan. Proba egunean bertan, 8:45 arte ere izen emateko aukera izango duzue 25 eurotan. Apuntatzen diren lehen 500 lagunek mallota jasoko dute opari. Urtarrilaren 28ko proban, zailtasun maila ezberdinetako hiru ibilbideren artean hautatu ahalko dute parte hartzaileek. Goizeko 9:00etan irtengo dira Mikel Laboa plazatik.

Antolakuntzaren oharra: kirol ekimen honetan parte hartu nahi duten 16 urtetik beherakoak Irisasi BTT-koekin hartuemanetan jarri beharko dira, irisasibtt@gmail.com helbidera idatziz. Informazio gehiago, andatzamendizale.info atarian.