"Ez diezagutela adarrik jo! Hitzartu". Hitza hartu eta adostera animatzen dituzte gipuzkoarrak, Hitzartu parte hartze prozesuko deitzaileek aldarri hau baliatuta azken orduotan argitaratu duten bideoan. Albiste honi atxikia duzue. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ageri dira, 2016ko ekainean egin zuten agerraldi batean, 2017-2030 urtera arteko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plagintza lantzeko prozesu parte hartzailea iragartzen. Egin beharrekoa zutena, baina egin ez zutena azkenean. "Plan hori ez zein inoiz garatu. Tiradera batean geratu zen", gogorarazten dute Hitzartu ekimeneko sustatzaileek.
Foru Aldundiak egin ez dutena gipuzkoarrak egitera doaz, aurrekaririk gabeko parte hartze prozesuaren bidez. "Jendarte zibilak egingo du Plana eta Partaidetza Prozesua" iragarri dute Hitzartu ekimeneko sustatzaileek. Garaiz gabiltzala gogorarazten digute.
Horretarako ordea laguntza beharrean dira. Hitzartu diruz lagundu eta Hitzartukide izatera animatzen gaituzte. "Sarrera baten prezioan. Sar zaitez hitzartu.eus atarian eta zure ekarpen ekonomikoa egin ezazu! Azken eguna, urtarrilak 24".
Ia 6.000 euro bilduak
"HITZARTU parte-hartze prozesuaren bidez, ordezkari politikoek egin ez dutena, Gipuzkoako gizarteak egingo du, hala nola, hondakinen gatazkari konponbide adostu eta demokratiko bat ematea. HITZARTU jaio da, baina, herritarren kolaborazioa behar du aurrera ateratzeko", gogorarazten dute ekimen honen sustatzaileek.
Gizarte zibiletik jaio eta abiatu berri dugun urte honetan zehar gizarte zibilaren eskutik garatuko den aurrekaririk gabeko Gipuzkoa mailako parte hartzeko prozesua diruz laguntzeko deia egin dute. Helbide honetan, itsulapikoa.eus atarian sartuta egin ditzakezue 5, 10, 20 edota 50 eurotik gorako diru ekarpenak. Jada ia 6.000 euro bildu dituzte. Baina laguntza gehiagoren beharrean da egitasmoa. Zuen diru ekarpenak bide honetatik ere egin ditzakezue:
ES05 3035 0140 33 1400031124
Gipuzkoan hondakinen kudeaketarekin dugun arazoaren konponbiderantz eramango gaituen prozesua diruz laguntzearen truke, Hitzartukide bihurtuko gara. Batetik abiatzear den prozesuan parte hartu eta antolatuko diren tailerretan lehentasuna izateko aukera eskuratuko da. Honez gain, baita "2018an HITZARTU KULTURALA auzolanean eskainiko diren ekimenetara dohainik gozatzeko aukera" ere.
https://youtu.be/ivLjhPMJx_4
https://youtu.be/dlifXZiEzXY
https://youtu.be/kQ7G4FQZkDw
https://youtu.be/yMRRyi9KGGg
HITZARTU PROZESUAREN XEHETASUNAK
Oinarriak
1-Gizarte-kohesio handiagoa lortzea.
2-Ingurumena eta osasuna gehiago babestea.
3-Europako araudi eta politikak zorrotzago betetzea.
Hiru azpi parte hartze prozesu
1-Parte hartzea.
2-Planaren erredakzioa.
3-Babes juridikoa.
Egitekoak
-Herritarren parte hartze prozesua burutzea.
-Parte hartze prozesutik 2017-2030 urtera arteko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren dokumentua erredaktatzea. Dokumentu horrek jasoko du parte hartze prozesutik ateratako herritarren akordioa eta Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko irtenbide teknikoa.
-Hondakinen kudeaketaren gaiaren inguruan adostasuna lortzea.
Egutegia
Urtebeteko iraupena izango du prozesuak:
2017ko abendutik 2018ko urtarrilera: diru-bilketarako kanpaina (crowfounding bidez).
2018ko otsailetik ekainera: parte hartze prozesuaren dinamizazioa. Herritar eta eragileekin batzarrak.
2018ko irailetik abendura: mahai soziala eta teknikoaren arteko lanak eta dinamizazioa eta 2017-2030 urtera arteko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren idazketa.
2018ko abenduan: Mahai Teknikoak idatzitako hondakinak kudeatzeko plan berriaren aurkezpena. Planaren azterketa, ebaluaketa eta parte hartzaileen oniritzia emateko batzarrak.
Bi mahai
-Mahai Soziala (Eztabaida mahaia):
Parte hartzaileak: ahalik eta sektore sozial gehien eta anitzez osaturiko mahaia.
Egitekoa: 2018ko lehen seihilekoan deituko dituen batzarretako lanketa. Gipuzkoako udalerri eta eskualdeetan bildutako iritziak eta lehentasunezko proposamenak mahai teknikora helaraztea.
-Mahai Teknikoa (Idazkaritza mahaia):
Parte hartzaileak: eremu ezberdinetako adituak; juristak, ekonomistak, soziologoak, politologoak, irakasleak, osasun eremuko profesionalak...
Egitekoa: "Hondakin Plangintzaren egitura eta eduki edo atal nagusiak markatzea eta Mahai Sozialaren proposamenak jasoz gero, Plana idaztea".
Prozesuaren diseinatzailea
Euskal Herriko Unibertsitatea.
BERME BATZORDEA
"Hitzartu" parte hartze prozesua jarraitu eta gainbegiratuko duen organoa ere aurkeztu zuten abenduaren 16an Donostiako Eureka zientzia museoan; Berme Batzordea. Eremu ezberdinetako aditu ezagunek osatuko dute bilgune hau:
Esther Larrañaga Galdos (Bergara):
-Zuzenbidean lizentziatua.
-Enpresen kudeaketan masterra.
-Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Hezkuntza eta Turismo saileko zuzendaria (1987-1990), Eusko Legebiltzarreko Parlamentaria (1990-91), Madrilgo Diputatuen Kongresuan diputatua (1991-1993), Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Sailburuordea (1995-2001), Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordea (2001-2005), Lurralde Plangintza eta Ingurumen Sailburua (2005-2009).
Pedro Ibarra Güell (Getxo):
-Zientzia politikoetan katedraduna EHU-n.
-"Parte Hartuz"-en sortzailea (demokrazia parte-hartzaileari buruzko EHUko ikerketa-taldeko kidea).
-Irakasle bisitaria Firenzeko Unibertsitate Institutu Europarrean eta Bordele, Bartzelona eta Nevadako unibertsitateetan.
Ernesto Ganuza Fernandez (Madril):
-Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko zientzialari titularra.
-Soziologian doktorea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.
-Parte-hartzeari buruzko ikerketa-masterraren koordinatzailea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.
-"Revista Internacional de Sociologia" aldizkariko idazkaria.
Juan Jose Alvarez Rubio (Zumaia):
-Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna EHU-n.
-2015eko Eusko Ikaskuntza saria.
-Gobernantza Demokratikoaren Institutuko idazkaria.
Garbiñe Biurrun Mancisidor (Tolosa):
-EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salako presidentea.
-EHUko lan-zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasle asoziatua.
-"Jueces para la Democracia" elkarteko kidea.
Bernardo Atxaga (Asteasu):
-Ekonomian lizentziaduna.
-Euskaltzaindiako kidea.
-Idazlea.
-Euskadi Saria (1989, 1997, 1999), Espainiako Literatura Sari Nazionala (1989), Millepages saria (1991), Pirinio Atlantikoetako Hiru Koroa saria (1995), Eusko Ikaskuntza saria (2002), Cesare Pavese poesia-saria (2003) eta Espainiako Kritikaren Saria (1978, 1985, 1988, 1993, 2003).
Informazio gehiago:
hitzartu@hitzartu.eus
Twitter: @Hitzartukide
Facebook: Hitzartukide