Gure Esku Dago: "Larunbatean, Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik handiena iragarriko dugu"

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 23a, 12:20

Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handiena aurkeztuko du Gure Esku Dagok larunbat honetan, urtarrilaren 27an, Donostiako Eureka Zientzia Museoan. Adi egoteko deia luzatu dute Usurbilgo lan taldetik. “Adi! Larunbatean, Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik handiena iragarriko dugu. Usurbildarrok ere indarrez helduko diogu erronkari! Hastera goaz!”, adierazi du Usurbilgo Gure Esku Dagok, sare sozialen bidez.

Ekainaren 10erako finkatu duten mobilizazioaren aurkezpena streaming bidez jarraitzeko aukera izango da Gure Esku Dagoren ohiko komunikazio bideetatik. “Aurkezpen berean azalduko dira ere Herritarron Ituna osatzeko emango diren pausoak, zehaztasunekin”, aurreratu dute.

Ekainaren 10eko mobilizazioa, Herritarron Ituna eta aurten ospatuko diren herri galdeketak izango dira, “EtorkiZUna” aldarripean bideratuko duten kanpainaren baitan, erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduaren 2018rako lan ildo nagusiak. Urte berri honetarako plangintza, Gure Esku Dagok azaroa amaieran Agurainen (Araba) egindako Bazkideen Ezohiko Batzarrean aurkeztu eta onartu zuten. Hemen duzue batzar haren harira, zabaldu duten txostena: Etorkizuna

Erabakitzeko arrazoien bilketa

"4 urteko ibilbidearen ondoren, urrats berriak egiteko ordua heldu da. Ziklo berri bat zabaltzera goaz gure herrian", iragarri du Gure Esku Dagok, urte berriko lan ildoen inguruan zabaldu duten eta albiste honi atxikia duzuen bideoan. 

Aipatu moduan dagoeneko 180 herrietan antolatu dituzte galdeketak, orain "hiriburuetan baldintzak sortzeko ahalegin berezia egingo dugu". Baina lan ildo nagusia, Herritarron Ituna lantzea izango da, "guztion artean idatziko duguna". Bertan, erabakitzeko 2019 arrazoi bildu nahi dira. "Adostasunetan sakonduz eta kultura demokratiko berria garatuz, zergatik erabaki nahi dugun jasoko du Herritaron Itunak", aurreratu dute.

Hilabete honetan hiriburuetan ospatzekoak diren mahai inguruen ostean, "herriz herri edota eskualdez eskualde osatzen joango gara". Bide horretan bi hitzordu nagusi deitu dituzte; maiatzerako Klik Eguna, eta ekainaren 10ean Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handiena. 

Hortik aurrera, "Herritarron Itunean jasotako edukiak plazaratu eta gure herrian ziklo berria zabalduko duen herri itun bat sustatuko du Gure Esku Dagok. Euskal herriko eragileen artean herri gisa erabakitzeko behar diren konplizitateak eta adostasunak jostea helburu duen erabakitzeko eskubidearen aldeko Herri Ituna".

Euskal herritarrek euren etorkizun politikoa erabaki arte lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du Gure Esku Dagok, "eskuz esku elkarlanean, guztiok bat eginda soilik lortuko baitugu Euskal Herrian erabakitzea. Etorkizuna gure esku dago. Eta etorkizuna zu zara, gu gara. Elkarrekin har dezagun bidea". 

EGUTEGIA

-Urtarrilak 27, larunbata: ekainaren 10eko mobilizazioaren eta Herritarron Ituna osatzeko urratsen aurkezpena, Donostiako Eureka Zientzia Museoan.

-Urtean zehar: herri gehiagotan ospatuko diren herri galdeketak eta erabakitzeko arrazoiak bilduko dituen Herritarron Itunaren lanketa herriz herri.

-Maiatza: Herritarron Itunerako arrazoi bilketa festa giroan plazaratzeko, Klik Eguna herrietan.

-Ekainak 10: Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handiena. Erabakitzeko arrazoiak erakutsi eta indartzeko eguna.

-Hortik aurrera, Herri Itunean jasotako edukiak plazaratu eta sustatzea.

Informazio gehiago:

gureeskudago.eus

Twitter: @GureEskuDago/@GureEskuDagoU

Facebook: Gureeskudago/ Gure Esku Dago Usurbil