2018ko Argia Sariak ere Atxega Jauregian banatuko dituzte, ostiralean

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 23a, 11:31

Azken urteon antzera, Atxega Jauregia hautatu dute aurten ere, 29. Argia Sariak banatzeko. Ekitaldia, ostiral bazkaloste honetan ospatuko da, urtarrilaren 26an, 16:00etan hasita. Euskarazko komunikazioa saritzen du urtero Argiak: ikus-entzunezkoa, irratia, prentsa-idatzia, internet eta sustapen-ekintza. Sariketa streaming bidez jarraitu ahalko da, argia.eus ataritik. Argiak bere hedabideen bidez iragarri duenez, "Argiaren inguruko komunitate zabala eta, gizarte eragile eta euskal kultur munduko ordezkari ugari bilduko dira bazkaltzera aipatu jatetxean".

Sariok nori eman Argiaren erredakzioak erabaki arren, sariketa honen antolatzaileen esanetan " jende ugari ibiltzen da hautagaien bueltan, bai ARGIAko gainerako kideak eta kolaboratzailek, eta baita herritarrak ere. Hilabeteak lehenagotik, deia egiten zaie herritarrei hautagaiak proposatzeko eta hauek sare sozialen bidez erantzuten dute bereziki, hautagaien zerrenda gero eta luzeago eginez. Zeresanik ez, lan gehiago erredakzioarentzat, baina baita egoki asmatzeko aukera gehiago ere".

2017ko Argia Sariak

Iaz sei sari banatu zituzten. Honako hauek:

-Prentsa idatzia: Ane Irabazal, errefuxiatuaren krisiaren inguruan eginiko lanagatik.

-Irratia: Oiartzun eta Antxeta irratien artean eginiko “Amapola Morea” irratsaioa.

-Ikus-entzunezkoa: Kanaldute telebista kateko “Busti” umorezko saioa.

-Sustapen saria: “Egian bizi nahi dugulako” ekimena.

-Interneta: “Game Erauntsia” bideo-jokoen euskal komunitatea.

-Merezimenduzko sari postumoa: Imanol Urbieta. Saria Kontxi Aizarnak jaso zuen. 

Irudia: ARGIA.