Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, Zubietako erraustegiaren ondoan Klima Aldaketaren Zentroa eraikitzeko hasierako hitzarmena sinatu dute aste hasiera honetan. Bi erakundeok aurrez sinatua duten akordioa sendotzera dator urrats berri hau. Foru gobernu taldeak, joan den irailean Pasaiako Albaolan aurkeztu zuen "Etorkizuna Eraikiz", Gipuzkoaren etorkizunerako proiektu estrategikoen artean kokatu zuen zentro hau.
Iaz Ingurumen Departamenduak abiatutako "Gipuzkoa Klima 2050" klima aldaketari buruzko programaren baitan dago egitasmo hau. Programaren "helburua da laguntzea lehengaien eta energia fosilen kontsumoa gutxitzen, isuriak murrizten eta berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen, Klima Aldaketaren 2050 Euskal Estrategian (Klima 2050) definitutako estrategiak tokian-tokian garatuz".
Hondakinen arazoaren ostean, klima aldaketa erronka nagusia
Erraustegitik 300 metrora kokatu asmo du Gipuzkoako Foru Aldundiak Klima Aldaketarako Zentroa. Urte honen amaieran irekitzea aurreikusten dute, behin behineko kokagune batean, Eskuzaitzeta eremukoa eraiki artean. "Aurreikuspenen arabera, lehen fasean, zuzeneko 15 eta 20 lanpostu artean sortuko dira, guztiak ere kualifikazio altukoak. Eraikina bera abangoardista izango da, gainera eta diseinuaren abiapuntua ingurumena izango da. Zero emisio eta zero kontsumoko eraikina izango da eta bere helburua eraikuntza erreferentea izatea da gure lurraldean zein nazio eta nazioarte mailan", berri eman dute Foru Aldunditik.
Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren esanetan, "hondakinen arazoa gainditu ondoren" klima aldaketa da Gipuzkoak ingurumen alorrean duen erronka nagusia. Bere esanetan, "klima, ingurumen alorreko erronka bat izateaz gain, garapen eredu berri eta jasangarriago bat garatzeko aukera ere bada”.
Eremu honetako plan estrategiko bat garatzeko beharra dagoela azpimarratzen du Asensiok, "etorkizuneko Gipuzkoa gaurkoaren desberdina izan dadin, berotegi efektuko gas isurketak murriztuz, gaur egungo energia mendekotasuna gutxituz eta energia berriztagarrien aldeko apustua eginez".
"KLIMA ALDAKETAREN ZENTROA"
-Inbertsioa: 1.500.000 euro (2017an 700.000 euro, 2018an 800.000 euro).
-Eremua: 3.384 m2 (Donostiako lurretan).
-Izango dituen guneak: behatoki bat, ekonomia zirkularra sustatzeko alor bat, eta Gipuzkoaren trantsizio energetikorako eta energia berriztagarrien garapenerako departamentu bat.
-Zentroaren ardatz nagusiak:
1-Berotze globalak gure lurraldean duen eragina neurtzeko eta aztertzeko behatoki bat sortzea.
2-Ekonomia berdea sustatzeko Europako funtsen bidez ekonomia zirkularra sustatzea.
3-‘GK Recycling’ birziklatze klusterra indartzen jarraitzea, eta energia berriztagarriak sustatuz energia trantsizioa ahalbidetzea.