Troian pasabide seguru bat egitea eskatzen segiko dio Udalak Foru Aldundiari

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 24a, 10:25

Egunerokoan asko dira oinez nahiz bizikleta gainean, ondoko irudian duzuen N-634 errepidea eta trenbidea gurutzatzen dutenak Zubieta eta Lasarte-Oria aldera joateko, edo alderantzizko bidea egiteko, Usurbila etortzeko alegia. Pasabide arriskutsua da, ez baitago oinezkoentzako egokitua. Gogoan izan, 2016ko urrian herritar bat hil zen auto batek harrapatuta.

Aspaldiko eskaera da inguruotan segurtasuna bermatzeko eskaera. Pasabide seguru bat eraikitzeko proiektu horren gainean elkarlanean jardun dute azken hilabeteotan Usurbilgo Udalaren eskariz, Udala beraz, Euskal Trenbide Sarea eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Proiektua aurrerabidean zen, baina Aldundiak ez finantzatzea erabaki duela berri eman du Udalak. "Lehengo ostiralean bilera izan zuten Xabier Arregi alkateak eta Jone Miner udaleko arkitektoak Antonio Aiz Jaurlaritzako Garraio sailburuordearekin eta Euskal Trenbide Sareko (ETS) Aitor Garitano Zuzendari Nagusi eta Julian Ferraz Plangintza eta Proiektuetako Zuzendariarekin. Bileraren helburua Troian oinezkoentzat pasabide seguru bat egiteko proiektuaren nondik norakoez aritzea zen. Jaurlaritzatik aditzera eman zietenez, ETSk proiektu hori gauzatzeko asmoa izan arren, Diputazioak ez du gaur-gaurkoz proiektu hori diruz lagundu nahi, eta, ondorioz, ezingo da gauzatu", berri eman du Udalak.

Alkateak Aldundiaren erabakia gaitzetsi du. “Ondo heldutako proiektua dugu esku artean. Azken hilabeteotan lanean aritu gara hiru erakundeok proiektu horretan, eta, ez da bidezkoa orain, azken unean, Diputazioak bazterrean utzi nahi izatea. Egunero herritar ugarik erabiltzen dute pasagune hori, eta arriskutsua da oso. Diputazioak usurbildarrak 2.mailako herritartzat gaitu. Ez du proiekturik gure herrirako”.

Proiektua landua

Egoera zertan den ikusita, Udalak proiektu hau gauzatzeko lanean segiko du. "Bilera eskatu du dagoeneko Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin, proiektuari heldu eta kaxoi batean ez sartzeko eskatzeko". Alkatearen esanetan, baina, “herriaren laguntza beharko dugu horretarako”. 

Troia pareko pasabidea udalerri hau zeharkatzen duten N-634 errepideko nahiz trenbideko puntu beltzetako bat da baina ez bakarra. "Udalak identifikatuak ditu herriko puntu beltzak, eta trenbide- eta errepide-pasaguneetan segurtasuna bermatzeko planteamendua egina du". 

Troiako pasabideari dagokionez, Udalak eginiko ahaleginen ondorioz, "lortu du ETSk proiektu bat jartzea mahai gainean (argazkian ikus daiteke). Proiektu horren arabera, errepidearen eta trenbidearen gainetik pasabide bat egingo litzateke, trenbidea eta errepidea modu seguruan eta irisgarrian zeharkatzeko aukera bermatuz. Horrez gainera, Ugaldea industriaguneraino oinez edo bizikletaz iritsi ahal izateko, beste bide bat egitea aurreikusten du. Hain zuzen, azken hilabeteotan ETSk gidatutako proiektu horren gainean ekarpenak egin dituzte bai Udalak bai Diputazioko teknikariek ere. Egindako ekarpenak jaso, eta exekutatzeko unean dago jada proiektu hori. Are gehiago, lehengo asteko bileran sailburuordeak udaleko ordezkariei jakitera eman zienez, proiektu hori ETSren 2018ko aurrekontuetan txertatzeko asmoa zuen, lanekin ahalik eta azkarren hasi ahal izateko. Sailburuordea bera Gipuzkoako Diputazioko Bide Azpiegituretako Diputatu Aintzane Oiarbiderekin bildu zen, proiektu horren finantziazioa adosteko. Izan ere, bien eskumenekoa izanik, inbertsioaren gastuak ere erdira ordaintzea planteatu zion. Bilera horretan, ordea, Diputazioak ez duela proiektuarekin aurrera egiteko asmorik adierazi zion Jaurlaritzari. Hots, ez duela finantzatuko".

Ondoko irudia: Usurbilgo Udala.