Ikastolak mende erdia beteko duen urte honetarako hainbat ekimen antolatzen ari da Udarregi Ikastola. Urtemuga, ikastolan bertan martxan dituzten hainbat proiektu gizarteratzeko ere baliatu nahi dute. “Gorputzaldiak” izeneko egitasmo interesgarria tartean. “Gorputzaldiak hezkuntzaren eta dantzaren arteko lan interdisziplinarretik jaiotako hezkuntza egitasmoa da, eta irakasleei hezkuntza formalean dantzaren bitartez tresna berriak eskaintzeko helburuarekin sortzen da, haien proiektu kurrikularra garatzen laguntzeko”, diote sustatzaileek.
Proiektua, Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan laguntzen diharduen Lasarte-Oriako Berritzeguneak abiatu zuen, Ana Remiro eta Amaia Nabaskues dantzariekin. Esperientzia pilotu batzuen ostean, hainbat ikastetxeetara hedatu zuten gero, tartean Udarregi Ikastolara. “Gorputzaldiak” egitasmoak hiru helburu nagusi ditu: gaitasun sozio-afektiboa lantzea, norberaren eta bestearen gorputz egoerak identifikatzea eta taldeko mugimendu egoeretan kooperatzea.
Udarregi Ikastolan Lehen Hezkuntzan dute martxan hirugarren ikasturtez proiektu hau. Gorputza dantzan jartzen dute ikasleek jolas eta ariketa ezberdinen bidez. Ariketa guztiek dituzte helburu eta eduki propioak. Unitateka, hainbat gaitasun sozio-afektibo landu eta barneratzen doaz: enpatia, konfiantza, integrazioa, asertibitatea, autokontzientzia, elkarreragina, sentsopertzepzioa, atentzioa, emozioak.
Mihiaren ordez, gorputza dantzan
Gaitasun sozio-afektiboetako bat hautatu eta horren inguruko lanketa bideratzen dute. Ikasleek gaitasun horri buruz zer jakin dezaketen ikusteko sarreratxo bat egiten dute saio hasieran, beroketa jolas batzuk segidan, eta gero, lanketa ariketetan murgiltzen dira. Hitzik ahoskatu gabe, isiltasunean, musikaren laguntzaz gorputza adierazpen bide bilakatzen dute. “Hitza jartzen denean desberdin adierazten da eta azkenean hautsi egiten da dinamika. Hitzez gauza bat esan eta gorputzez beste zerbait esan dezakezu”, gogorarazi digute Udarregi Ikastolatik.
Hitzak saio amaieran du protagonismoa, nahi duenak bizitakoa hitz eginez partekatu dezake. “Hitza jartzen zaio saioari nahi izanez bukaeran. Bakoitzak nola sentitu den, bizitakoa partekatu dezake”, diote ikastolatik. Aski interesgarria izan ohi da, hitzez adierazi ezin dena, gorputzez nola adierazten ikasten duten ikustea.
Egiten dakiten horretatik abiatzen dira ikasleak. Gorputzez sentitzen dutena adierazten doaz, libreki, epaituak izan gabe. Bizipen berriak esperimentatzen doaz lanketan zehar. Saioetan zehar bizi eta sentitutakotik ikasten dute, taldean, elkarlanean gaitasun ezberdinak barneratzen doaz. “Gorputz adierazpena librea da. Askatasun horretan ezin da kritikatu, dantza eginez ezer ez dago gaizki. Ikaskuntza kooperatiboarekin lotzen da, elkarrengandik ikasten baitute”, nabarmentzen dute Udarregitik.
Hiruhilaberetro aipatu gaitasun sozio-afektiboetako bat lantzen dute lau astez, astero ordubetez. “Lau aste horiek bukatzean, egindako ariketekin, taldean bildu eta beraiei gaitasun sozio-afektibo horrek irakatsi diena erakusteko dantza berri bat sortu behar dute, gorputza baliatuta”, adierazi digute Udarregi Ikastolatik.
Gurasoentzako saioa
Irakasleek ere egitasmo honi lotutako formazioa jaso dute eta “oso gustura aritu gara”. Haien esperientziatik azaldu digute, haurrentzat bezala helduentzako ere baliagarri askoa dela egitasmo hau.
Ikasleekin lantzen ari direna ezagutzera eman nahian, otsailaren 3rako gurasoei zuzenduta antolatu duten saio praktikoan parte hartzera animatzen dituzte amak eta aitak. “Unitate bat hartu eta umeek lau saio ezberdinetan egiten dutena guk saio bakar batean egitea da asmoa. Ariketa guztiak probatu, sarrera bat egin ariketekin, eta bukaera bat eman, bizitakoa nola ikusten duten partekatuz”, Udarregi Ikastolatik NOAUA!ri adierazi diotenez.
Arropa erosoekin eta gorputz adierazpen libreari bidea eman eta ondo pasatzera, parte hartzera animatzen dute. 30 bat kideko talde bat osatu asmo dute gehienez. Izen ematea zabalik dago.
“Gorputzaldiak”, gurasoentzat
Eguna: otsailak 3, larunbata.
Ordutegia: 10:00-12:00.
Tokia: Udarregi Ikastolako jangela.
Zehaztasunak: Udarregi Ikastolan LH-n abian duten "Gorputzaldiak" egitasmoa gurasoen artean ezagutarazteko asmoz, proiektu honi lotutako saio praktiko bat antolatu dute ama eta aitentzat. Proiektu honetan, gorputz adierazpena lantzen da eta gorputz adierazpenaren bidez, gaitasun sozio-afektibo ezberdinak barneratzen dituzte ikasleek.
Izen ematea: urtarrilaren 29ra arte, gorputzaldiak@udarregi.eus helbidean edo 943 36 12 16 telefono zenbakian.
Oharra: haurren zaintza zerbitzurik ez da eskainiko.
Informazio gehiago:
https://sites.google.com/a/oriapat.org/gorputzaldiak/
Antolatzailea: Udarregi Ikastola.
Irudiak: Udarregi Ikastola.