Onarturiko eta bazterturiko eskaeren behin behineko zerrenden erreklamazioei erantzun eta behin betiko zerrendak onartu ostean, ostegun honetan, urtarrilaren 25ean zozketatuko dituzte Ugartondoko etxebizitzak, Usurbilgo Udalak antolatuta, arratsaldeko 18:00etan Oiardo Kiroldegian hasiko den jendaurreko ekitaldi publikoan.
Egun horretan guztira 92 etxebizitza esleituko dira; babes ofizialeko 46 etxebizitza, beste 46 tasaturekin batera, bakoitza bere garaje eta trastelekuarekin. “Babes ofizialeko etxebizitzetan bi logelako 20 etxebizitza (horietako bi ezinduentzat egokituak) eraikiko dira, eta hiru logelako 26 etxebizitza. Tasatutakoetan ere, beste horrenbeste”, ohartarazi du Udalak.
Etxebizitza hauetako bat eskuratu nahi zuenak kupo bakarrean eman zezakeen izena. Gizarte sektore ezberdinei zuzenduak zeuden kupoetan izena eman eta zozketa egunean “kupo horiei dagozkien etxebizitzarik tokatuko ez balitzaioke, zerrenda orokorreko zozketan beste aukera bat izango luke” argitu dute Udaletik.
ZENBAKITAN
Datu orokorrak
Guztira eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza tasatuak: 92.
Herritarrek aurkezturiko eskaerak: 157.
Babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza tasatuen banaketa:
-Ezinduentzako 2 etxebizitza.
-70 urte edo gehiagokoentzako 4 etxebizitza.
-Babes bereziko gizarte-sektoreentzako (haien kargura adin txikikoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza unitateak, indarkeria matxistaren biktimak, bananduak, dibortziatuak eta alargunak, eta ezintasun psikikoa dutenak) 5 etxebizitza.
-35 urte beherakoentzako 10 etxebizitza.
-Aipatutako kupoen baitan ez dauden gizarte sektoreentzako 25 etxebizitza.
Babes ofizialeko etxebizitzak
Eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitzak: 46.
Herritarrek eginiko eskaerak: 110.
Onarturiko eskaerak: 89.
35 urtetik beherakoei zuzenduriko etxebizitzak: 10. Eskatzaileak: 59.
Babes bereziko gizarte-sektoreentzako etxebizitzak: 5. Eskatzaileak: 8.
Zerrenda orokorra: 25. Eskatzaileak: 22.
Etxebizitza tasatuak
Eraikiko diren etxebizitza tasatuak: 46.
Herritarrek eginiko eskaerak: 47.
Onarturiko eskaerak: 28.
35 urtetik beherakoentzako etxebizitzak: 10. Eskatzaileak: 15.
Babes bereziko gizarte-sektoreentzako etxebizitzak: 5. Eskatzaileak: 2.
Zerrenda orokorra: 25. Eskatzaileak: 11.
ZOZKETA
Eguna: urtarrilak 25, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.