Denetariko ikastaroak ditugu abian edo abiatzear. KzGunekoak, Alkartasuna Kooperatibaren "Sagarrondotik Sagardora" zikloa, Kantu Taldearen entseguak, Udarregi Ikastolak gurasoentzat antolaturiko "Gorputzaldiak" saioa... Segidan dituzue ekimenon xehetasunak:
"Sagarrondotik sagardora" ikastaro praktikoa otsailetik irailera
Azken urteon ildotik, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak "Sagarrondotik sagardora" zikloa antolatu du otsailetik irailera. Zortzi saio aurreikusi dituzte, ikastaro praktiko honen baitan. Ikastaro osoa Potxoenean burutuko da, kimaketa praktikak izan ezik, hauek "bertako sagastietan egingo dira" ohartarazi du antolakuntzak.
Ikastaro praktikorako izen ematea zabalik dago. Gogoan izan, saio guztietarako eman daiteke izena, edota bestela baita saio solteetarako ere. Segidan dituzue xehetasunak:
Ordutegia: 09:00-13:00.
Tokia: Potxoenea.
Saioen egutegia:
-Otsailak 10: "Sagastien neguko kimaketa eta ongarriketa", Aitor Etxeandiarekin.
-Martxoak 3: "Sagastien neguko kimaketa, gaixotasunak eta tratamenduak", Aitor Etxeandiarekin.
-Martxoak 17: "Fruitu arbolen udaberriko edo zotzeko txertaketa", Josu Osarekin.
-Apirilak 7: "Garbitasuna sagardoaren kalitatearen lagun. Sagardoa egurrezko ontzietan eta sagarrondoaren bizimodua", Egoitz Zapiain eta Jakoba Errekondorekin.
-Apirilak 21: "Ilargia eta egutegi biodinamikoa", Xabier Akizurekin.
-Ekainak 2: "Sagastien udako kimaketa, gaitzak eta izurriteak", Aitor Etxeandiarekin.
-Uztailak 14: "Fruitu arbolen udako edo begiko txertaketa", Josu Osarekin.
-Irailak 8: "Sagarraren heldutasun analista. Etxean sagardoa egiteko hastapenak", Aitor Etxeandia eta Egoitz Zapiainekin.
Prezioa: 96 euro ikastaro guztiko saioak, Alkartasuna Kooperatibako bazkideek doan. Egun solteetan ere izena eman daiteke. Horretarako Alkartasuna Kooperatibarekin harremanetan jarri.
Izen ematea eta argibide gehiago:
943 361 114
alkartasuna@usurbil.com
alkartasuna.eus/euskara/produktuak/ikastaroak
Oharra: kimaketa praktikak bertako sagastietan egingo dira.
Antolatzaileak: Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, Sagardoaren Unibertsitatea, Sagarki, Bizi Sagardoa eta Usurbilgo Udala.
KzGunera datozen ikastaroak
Urtarrilean arratsaldez (16:00-20:00) egongo da zabalik Usurbilgo KzGunea. Ikastarook aurreikusi dituzte asteotarako:
-Urtarrilak 29-30, 16:00-18:00 "Argazkiak. Zure argazki guztiak antolatu edozein gailutik".
-Urtarrilak 29-30, 18:00-20:00 "Instagram".
-Urtarrilak 31, 16:00-18:00 "Ordainketak Interneten segurtasunez".
-Otsailak 1-12, 09:00-11:00 "Komunikatu zaitez Sare Sozialen bitartez".
-Otsailak 8-9, 11:00-13:00 "Programa informatiko onenak jaitsi".
-Otsailak 13-22, 09:00-11:00 "Argazki ukitua GIMP erabiliz".
-Otsailak 23-28, 09:00-11:00 "LibreOffice Writer. Zure testu dokumentuak sortu".
Informazio gehiago:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
Etumeta AEK euskaltegia (Mintzalagun argazkia)
Urrian hasi zuten 2017-18 ikasturtea, baina zabalik segitzen du matrikulazio epeak Etumeta AEK euskaltegian. Euskara ikasteko maila guztiak, Mintzalagun, autoikaskuntza… eskaintzen dute. Aukera zabala beraz. Informazio gehiago:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
Kantu Taldeak ikasturte berria martxan
Azken asteotako etenaldiaren ostean, urtarrilaren 8an abiatu zuten Kantu Taldekoek ikasturte berria. Gogoan izan, astelehenero biltzen dira 18:00-19:00 artean Udarregi Ikastolaren Agerialde eraikineko musika gelan. Adi bestalde, 2018ko lehen kantu-jira ordu aldaketarekin baitator. Urtarrilaren 27rako iragarri duten saioa eguerdiz ospatuko da, 12:00-14:00 artean Kaxkoan. Mikel Laboa plazatik abiatuko da kantu-jira.
Gurasoentzako "Gorputzaldiak" saioa
Ikastolak mende erdia beteko duen urte honetarako hainbat ekimen antolatzen ari da Udarregi Ikastola. Urtemuga, ikastolan bertan martxan dituzten hainbat proiektu gizarteratzeko ere baliatu nahi dute. “Gorputzaldiak” izeneko egitasmo interesgarria tartean. “Gorputzaldiak hezkuntzaren eta dantzaren arteko lan interdisziplinarretik jaiotako hezkuntza egitasmoa da, eta irakasleei hezkuntza formalean dantzaren bitartez tresna berriak eskaintzeko helburuarekin sortzen da, haien proiektu kurrikularra garatzen laguntzeko”, diote sustatzaileek.
Proiektua, Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan laguntzen diharduen Lasarte-Oriako Berritzeguneak abiatu zuen, Ana Remiro eta Amaia Nabaskues dantzariekin. Esperientzia pilotu batzuen ostean, hainbat ikastetxeetara hedatu zuten gero, tartean Udarregi Ikastolara. “Gorputzaldiak” egitasmoak hiru helburu nagusi ditu: gaitasun sozio-afektiboa lantzea, norberaren eta bestearen gorputz egoerak identifikatzea eta taldeko mugimendu egoeretan kooperatzea.
Udarregi Ikastolan Lehen Hezkuntzan dute martxan hirugarren ikasturtez proiektu hau. Gorputza dantzan jartzen dute ikasleek jolas eta ariketa ezberdinen bidez. Ariketa guztiek dituzte helburu eta eduki propioak. Unitateka, hainbat gaitasun sozio-afektibo landu eta barneratzen doaz: enpatia, konfiantza, integrazioa, asertibitatea, autokontzientzia, elkarreragina, sentsopertzepzioa, atentzioa, emozioak.
Mihiaren ordez, gorputza dantzan
Gaitasun sozio-afektiboetako bat hautatu eta horren inguruko lanketa bideratzen dute. Ikasleek gaitasun horri buruz zer jakin dezaketen ikusteko sarreratxo bat egiten dute saio hasieran, beroketa jolas batzuk segidan, eta gero, lanketa ariketetan murgiltzen dira. Hitzik ahoskatu gabe, isiltasunean, musikaren laguntzaz gorputza adierazpen bide bilakatzen dute. “Hitza jartzen denean desberdin adierazten da eta azkenean hautsi egiten da dinamika. Hitzez gauza bat esan eta gorputzez beste zerbait esan dezakezu”, gogorarazi digute Udarregi Ikastolatik.
Hitzak saio amaieran du protagonismoa, nahi duenak bizitakoa hitz eginez partekatu dezake. “Hitza jartzen zaio saioari nahi izanez bukaeran. Bakoitzak nola sentitu den, bizitakoa partekatu dezake”, diote ikastolatik. Aski interesgarria izan ohi da, hitzez adierazi ezin dena, gorputzez nola adierazten ikasten duten ikustea.
Egiten dakiten horretatik abiatzen dira ikasleak. Gorputzez sentitzen dutena adierazten doaz, libreki, epaituak izan gabe. Bizipen berriak esperimentatzen doaz lanketan zehar. Saioetan zehar bizi eta sentitutakotik ikasten dute, taldean, elkarlanean gaitasun ezberdinak barneratzen doaz. “Gorputz adierazpena librea da. Askatasun horretan ezin da kritikatu, dantza eginez ezer ez dago gaizki. Ikaskuntza kooperatiboarekin lotzen da, elkarrengandik ikasten baitute”, nabarmentzen dute Udarregitik.
Hiruhilaberetro aipatu gaitasun sozio-afektiboetako bat lantzen dute lau astez, astero ordubetez. “Lau aste horiek bukatzean, egindako ariketekin, taldean bildu eta beraiei gaitasun sozio-afektibo horrek irakatsi diena erakusteko dantza berri bat sortu behar dute, gorputza baliatuta”, adierazi digute Udarregi Ikastolatik.
Gurasoentzako saioa
Irakasleek ere egitasmo honi lotutako formazioa jaso dute eta “oso gustura aritu gara”. Haien esperientziatik azaldu digute, haurrentzat bezala helduentzako ere baliagarri askoa dela egitasmo hau.
Ikasleekin lantzen ari direna ezagutzera eman nahian, otsailaren 3rako gurasoei zuzenduta antolatu duten saio praktikoan parte hartzera animatzen dituzte amak eta aitak. “Unitate bat hartu eta umeek lau saio ezberdinetan egiten dutena guk saio bakar batean egitea da asmoa. Ariketa guztiak probatu, sarrera bat egin ariketekin, eta bukaera bat eman, bizitakoa nola ikusten duten partekatuz”, Udarregi Ikastolatik NOAUA!ri adierazi diotenez.
Arropa erosoekin eta gorputz adierazpen libreari bidea eman eta ondo pasatzera, parte hartzera animatzen dute. 30 bat kideko talde bat osatu asmo dute gehienez. Izen ematea zabalik dago.
“Gorputzaldiak”, gurasoentzat
Eguna: otsailak 3, larunbata.
Ordutegia: 10:00-12:00.
Tokia: Udarregi Ikastolako jangela.
Zehaztasunak: Udarregi Ikastolan LH-n abian duten "Gorputzaldiak" egitasmoa gurasoen artean ezagutarazteko asmoz, proiektu honi lotutako saio praktiko bat antolatu dute ama eta aitentzat. Proiektu honetan, gorputz adierazpena lantzen da eta gorputz adierazpenaren bidez, gaitasun sozio-afektibo ezberdinak barneratzen dituzte ikasleek.
Izen ematea: urtarrilaren 29ra arte, gorputzaldiak@udarregi.eus helbidean edo 943 36 12 16 telefono zenbakian.
Oharra: haurren zaintza zerbitzurik ez da eskainiko.
Informazio gehiago:
https://sites.google.com/a/oriapat.org/gorputzaldiak/
Antolatzailea: Udarregi Ikastola.
Irudiak: Udarregi Ikastola.