Ohikoa bihurtu zaion 1.200 kilometroko joan etorria egiteko gogotsu zen bera elkarrizketatu genuenean. Gogotsu, urtea bete berri duen biloba Xuarekin, alaba Olatz Lasagabaster eta haren bikote lagun Patxi Urangarekin Valentziako Picassent espetxean elkartzeko, haurraren urtemuga eta onik daudela ospatzeko. Igaro berri dutena urte gogorra izan baita hirukotearentzat, baita Olatzen ama eta Xuaren amona Mari Karmen Anzarentzat ere. Euskal preso eta senideei aplikatzen zaizkien salbuespenezko legeen eraginez, hamaika bidegabekeriei aurre egin beharrean aurkitzen dira, Mari Karmenek NOAUA!ri lerrootan azaldu dionez.
Zer moduz dago Xua?
Mari Karmen Anza: Oso polita. Espetxetik atera eta kalean paseoan goazenean, eserita doa. Nekatzen denean begiratzen dizu, eta ez badiozu heltzen negarrez hasten da. Segituan beso artean hartzen dut, ez baitut sufritzerik nahi. Nahikoa badute.
Urtea bete berri du. Guraso eta senideontzat ere urtemuga berezia izango da?
Oso berezia bai, gurasoak oso pozik daude, urte gogorra izan baita. Xua jaio zen egun berean, Patxiren aitona hil zen. Gero nirea gertatu zen…
Nola oroitzen duzu biloba ezagutu zenuen unea?
Emozio handiz. Zoragarria izan zen, alaba haurrarekin ikusita poz ikaragarria sentitu nuen. Ondo sentitzen nintzela esan arren, Olatz ondoezik nengoela jabetu zen. Laguntza eskatu eta gurpildun aulkian larrialdi zerbitzuetara eraman eta bertan ingresatu ninduten. Alaba malkotan oroitzen dut.
Valentziako ospitalean egon zinen ingresatua hilabetez. Etxetik ia 600 kilometrora. Dispertsioaren beste ondorioetako bat.
Bai. Nire anai arrebak joan ziren. Anaiak itzuli beharra izan zuen, ahizpa han nirekin geratu zen hilabete osoan. Nire amak 91 urte ditu eta hemen zaintzen ari ginen. Ama zaintzeko genuen langilea ni ingresatua egon nintzen hilabetean amarekin geratu zen. Ahizpa nirekin, oso erabaki zail eta gogorrak hartzen. Pentsa neure alabarentzat zer zen egoera hura. Erditu berritan, eta bere ama ZIUn.
Eta Olatzek ezin zu bisitatu.
Olatz behin eraman zuten ni ikustera. Bera han zegoela jabetu nintzen, ze erropa zeraman ere oroitzen dut. Baina egun haren ostean, berriz ere okerrera egin nuen. Olatzek nik esandako hitzei heltzen omen zien. Berak “ama aurrera e!” esan zidan eta nik noski baietz erantzun nion. Berak horri heltzen zion nik aurrera egingo nuela ziurtatzeko. Ez dut askorik oroitzen garai hartaz. Hilabete beranduago Donostia ospitalera ekarri ninduten anbulantzian. Gero etxera. Pixkanaka sendatzen joan nintzen.
Tarte horretan gainera, Patxik 3 aste igaro behar izan zituen Xua ezagutu arte.
22 egun igaro ziren. Pentsa, Alacanteko Foncalent espetxean zegoen, emaztea erditu berritan, Xuak ez zuen ezagutzen, amaginarreba ZIUn. Ez zuen informazio askorik, nire ahizpak eta bere aitak emandakoa. Desastre samarra izan zen guztia.
Udaberri aldera egonkortu zen egoera.
Hala da, eta orain zorionez gauzak hobeto doaz. Umea polita, sorgin txiki ederra egina dago. Eta bera ikuste hutsak indar handia ematen du.
“Bisitara oso zoriontsu zoaz, baina itzulera gogorra da”
Espetxe barruan, Olatz Xuarekin bizi da 24 orduz eta Patxik baimena eskatu behar du hirurak batera egoteko?
Xua Olatzekin dago egun osoz. Patxirekin egoteko astearteetan 40 minutu dituzte, 40 minutu ostiraletan kanpotik bisitan doazenekin egoteko, ordu eta erdiko bis familiarra eta hiru ordu eta erdiko elkarbizitza bisa hilabetean. 80 minutu astero, ordu eta erdi gehi hiru ordu eta erdi, hilabetean. Berarentzat gogorra da. Olatz eta Xua gaixo egon berri dira. Biak nola zeuden Patxik, Olatzek guri eginiko telefono deien bidez jakiten zuen. Olatzek esandakoaren berri gero guk ematen genion Patxiri telefonoz. Halere hau beti hala izan da, ez orain gaixo egon direlako.
Zein da haiekin senideok duzuen hartuemana?
Beraiek bost minutuko zortzi dei egin ditzakete astean. Olatzek niri astelehen, asteazken, ostegun, larunbat eta igandeetan deitzen dit. Astearteetan eta ostiraletan kanpoko jendearen bisita izaten dute. Bisita nola joan zaien kontatzeko Patxik astearteetan deitzen dit, eta ostiraletan ere deitzen dit, normalki, asteburuan baita. Jende gehiago ere bada deitzeko, Patxiren aita, lagunak... Telefono deiak ere partekatu beharrak daude.
Antolatu beharra, denek denekin hitz egin ahal izateko.
Antolatu beharra dago, ez baita denbora asko. Zenbait egunetan telefono deia zertxobait luzeagoa izaten da. Baina beste egun batzuetan ez da ezertarako denborarik izaten. Nik esan nahi diedan guztia apuntatua izaten dut aurrez zerrenda batean. Gaitasun harrigarriak ikasten dira halako egoeretan.
Bisitekin ere antzekoa gertatuko zaizue. Nola prestatzen duzue bisita bat?
Hilabete bakoitza hartzen dugu, nor joan daitekeen esaten goaz. Orain familia bakarrik goazenez, gure artean adosten dugu. Astelehenero ostiraletarako bisita eskatzen dugu. Bisita ordua zehazten duzu eta norekin nahi duzun bisita. Orain biak batera ateratzen direnez ez dago arazorik. Txandakatzen goaz.
Bisitarako bidaia nolakoa da?
Bisitara oso zoriontsu zoaz, baina itzulera gogorra da ze zu etxera zatoz, baina beraiek han utzita. Nik beti bisita egun batean eta bisa hurrengo egunean izaten dut. Agian txorakeria izango da, baina hartara bi egunetan ikusi ahal ditut, eta desberdina da. Orain gainera Xua ateratzeko, Olatzek Xua entregatu behar dit eta nik han, Espetxeen Erakundean ematen didaten paper bat sinatu behar dut. Xua bueltan ematen diot gero Olatzi. Bisa ez badut ere, une horretan Olatz ikusi ahal dut.
“Bisitetan 280.000 bat kilometro egingo nituela kalkulatzen dut”
Zenbat kilometro egin ote dituzu urteotan?
Lehenbizi Avila eta Madrilera, gero Alacantera, Avilara berriz… eta orain Valentziara. Guztira, bisitetan 280.000 bat kilometro egingo nituela kalkulatzen dut. Neure ibilgailuarekin 240.000 bat kilometro egingo nituen. Honez gain, zenbaitetan beste preso batzuen senideekin joan izan naiz. Kilomero asko dira. Pentsa, hemendik Alacanterako joan etorria soilik 1.500 kilometro izaten ziren, Valentziarako bidaia 1.200 kilometrokoa da.
Errepideetako arriskua, gastu ekonomikoa, desgaste emozionala... Senideei aplikatzen zaien gainzigor ugari pairatzen dituzue dispertsioaren eraginez?
Asko. Bisita orduaren arabera goizaldean abiatu izan gara edo han lo egin izan dugu. Bisita ordua iluntzean bada han lo eginda itzuli izan naiz. Gasolina, autopistak, kotxearen desgastea, zure desgaste emozionala, hotela, otorduak…. Ezin dut kalkulatu zenbat diru izan daitekeen, baina dirutza da. Bestalde, hemen egongo balira gainera, Zaballan edo Iruñean, goizean joan, Xua hartu, Usurbila ekarri eta hemen egun osoz egongo ginen, jendea ezagutzen joan. Bere birramonak ezagutu zitzakeen. Patxiren amona eta nire amak ez dute Xua ezagutzen.
Senide askok espetxe funtzionarioen tratua salatu izan dute. Zuen kasuan nolakoa izan da?
Picassenten katxeatzen saiatu izan dira. Foncalentera joaten nintzen bakoitzean katxeoa izaten nuen. Katxeoarekin ados zaudela dioen papera sinatzea eskatzen dizute. Nik esaten nien ez nengoela ados, beraiek orduan badakizu... Badakit ez badut sinatzen ez nautela pasatzen utziko, beraz sinatu egiten dut. Baina ez nago konforme. Behin ezezkoa esan nuen. Komun batean sartu zidaten, ia botaka egin nuen. Inoiz ez didate arropa kenduarazi, baina badakit badela arropa kenduarazi dien jendea. Gogoan dut Avilan, erabaki zuten katxeatzen ez baziguten ez ginela sartuko eta nahiko denbora egon ginen bisita gabe. Behin Patxi bisitatzera joan Foncalentera eta bisitarik ez nuela eskatu esan zidaten, eta ez zekitela sartzerik izango ote nuen. Han ordu erdi zain eta azkenean sartzen uzten dizute, noski aurrez eskatua izanda bisita. Horrelako hamaika bizipen.
“2020ko urtarrilaren 19an Xuak espetxetik atera behar du”
Bi urte barru, aldaketarik ez bada, Xuak espetxetik atera behar du. Zer egin erabakia duzue.
2020ko urtarrilaren 19an Xuak espetxetik atera behar du. Nirekin bizitzera etorriko da Usurbila. Ikastolara joango da. Xua ateratzen denean, urtebete eta bost hilabete faltako dira Olatz eta Patxi irteteko. 2021eko ekainaren 19an gurasoak atera eta denok batera egon arte, nirekin egongo da.
Une horretarako prestatzea komeni izaten dela aipatzen dute adituek. Zuen kasuan lanketa prozesu horretan zaudete?
Poliki goaz, haurrak bere egokitzapen prozesua egin dezan. Orain Xua egunez bakarrik ateratzen da nirekin. Udan agian gauez ere han geratuko da gurekin. Patxiren aitaren eta nire artean pisu bat hartu genuen han, haurrak erreferentziazko leku bat izan dezan. Gero agian, hurrengo urteko udan, hona ekar dezakegu astebetez, pixkanaka egokitzen eta jendea ikusten joan dadin. Baina Olatz eta Patxi dira gurasoak eta haiek markatzen dituzte pautak.
Egoera berezia eta gogorra izango da. Bilobarekin bizi ahalko zara, baina era berean Xua gurasoengandik urrunduko da.
Olatzek esaten zidan ez duela horretan pentsatu ere egin nahi. Xua 24 orduz dago berarekin. Bat batean lotura hori haustea, une gogorra izango da. Pentsa, Xua kalera ateratzen dugunean, gero ez dakizu amari nola heltzen dion, sinestezina da. Lehenengo aldiz atera genuenean, kalean eman genituen bi orduak negarrez aritu zen, ezin kontsolatu. Ni gainera ez ninduen ezagutzen. Zure biloba propioak ez ezagutzea eta bera ikusi ahal ez izatea gogorra da.
Hortik, denok prestatzen joan beharra ezta?
Ez da bakarrik haurra prestatu behar, denok prestatu behar dugu. Niretzat adibidez, oso garrantzitsua izan da umea hartu dezakedala, berarekin ibili naitekeela ikustea. Bera zaintzeko gai naizela ikustea. Hori zen beste kezketako bat. Baina kezka hori guztiz gainditua dago. Lehengoan Gari ETB-ren “Ur handitan” saioko dokumentalean ikusten nuenean…
...Xua ikusiko zenuen.
Bai. Beraientzat ere begira ze momentu. Garik ere bi gurasoak ditu kartzelan. Gutxienik, kakotsa artean zortea dugu, Xua Usurbila etortzean urtebete eta bost hilabete geroago gurasoak hemen izango ditu. Baina bada jendea ez dakiena noiz irtengo den. Halere, ulertzen dut presoek haurrak izan nahi izatea, munduko eskubide osoa dute. Kartzelan egoteagatik ezin zaie kendu aita edo ama izateko esperientzia ederra.
Nola ikusten duzu Xua bi urte barru Usurbilen?
Oso ondo egokituko da hemen. Ez du arazorik izango nire ustez. Gainera, Usurbilen jendeak gai honetan babes handia ematen du.
Babes hori sentitu duzue urte honetan?
Pentsa, ni Antiguan jaio nintzen, baina egun oso argi dut, Usurbil da nire herria. Harrigarria da jendea nola portatu den, nola zaindu eta babestu nauten. Jendea ospitalera zaintzera joan da, altxatzen laguntzera. Oso polita izan da. Oso eskertua nago, benetan. Jendeak helarazten dizun indarra nabari eta iristen da.
“Gobernu frantziarra zerbait egiten ari dela dirudi, baina Espainiakoarekin ikusten da zer dagoen”
“Motxiladun umeak” lagungarriak izaten ari dira presoen eta senideen errealitatea ezagutarazteko?
Sara Majarenas eta Izar haurtxoa Picassenten ziren baita, gurea gertatu zenean. Oso gogorra izan zen. Oraindik ezin dut sinestu.
Kasu hark inflexio puntua suposatu zuen?
Orduan hasi zen jendea ohartzen zer den kartzelan egotea eta haurrak izatea. Nik uste dut, jendea sentsibilizatzeko modu bat dela, errealitateok gizarteratu behar dira eta haurren bidez gauza gehiago heltzen dira gizartera. Baina haurrok zaindu eta babestu behar dira nire ustez, gure etorkizuna baitira.
Frantziar estatuan euskal presoak hurbiltzen hastekoak dira. Etorkizunean, estatu espainiarrean ere aldaketak egon daitezke?
Gobernu frantziarra zerbait egiten ari dela dirudi, baina Espainiakoarekin ikusten da zer dagoen. Hori hala izateko guk baino gogo gehiago inork ez du, baina zalantza asko ditut, hain zaila ikusten dut. Guk halere hankak lur gainean. Olatz eta Patxi ezkondu eta Olatz Foncalentera eraman zutenean, bertan utziko zutela pentsatzen nuen. Baina berriz espetxez aldatu zuten. Orduan soilik sentitu nuen ilusioa, eta pentsa, beraiek biak batera espetxe berean egon ahal izatea zen nire ilusioa. Atsekabe handia izan zen. Ordutik gauzak seguru izan arte ez dut ezer sinesten eta ez zait gaizki joan. Nahiago dut pentsatu, bukaerara arte egin beharko ditugula bidaia luze hauek.
Bizitzen ari zareten egoeraren baitan, azken urtea eta gero zer ospaturik baduzuela esan daiteke?
Urte honetan asko. Xuaren urtebetetzea ospatu behar da eta amona hemen dagoela, denok batera. Ondoezik nengoenean, nire buruaren lekuren batean argi nuen hau dena ezin nuela galdu. Indarra ateratzen da ez dagoen lekutik. Ez nago ehuneko ehunean ondo baina nola egon naizen jakinik, oso ondo nago. Denetatik ikasten da. Esperientzia honek erakutsi dit adibidez, neure buruaz gehiago arduratu behar dudala.
Elkarretaratze berezia
Gogoan izan, Xuaren urtebetetzea tarteko, elkarretaratze berezia deitu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, ostiral honetarako (urtarrilak 26) 20:00etan Mikel Laboa plazan.