Euskal Herriko 10. Mus Txapelketa abian da. Lehen fasean herri mailako saioak jokatzen ari dira. Ostiral honetan, Aginagako Atarialden ospatuko da Gipuzkoa mailarako faserako sailkatze proba. Gaueko 22:00etan. Ordu erdi lehenago irekiko dute izen ematea. Astebete barru Usurbilgo saioa ospatuko da, Aitzagan.
Hamargarren ediziora heldu da, Euskal Herri osoa musean jokatzen jartzen duen txapelketa nazionala. "Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketa ezberdinak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuari ekin genion. Bide honetan sortu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu. Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen diegu herrietako kanporaketetan eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dugu Euskal Herri osoko txapelketa", adierazi dute.
Hamargarren edizio honetan ere parte hartzera deitzen dute. "Euskal Herriko Mus Federaziotik, Euskal Herri luze zabalera parte hartzeko deia luzatzen dugu. Txapelketa antolatzen den lekuan musean eginaz eta aurreko urteetan antolatzera iritsi ez garen lekuetan, indar berezia egin nahi dugu, norbere herrian kanporaketa antolatzeko prest legokeen bolondresak gurekin harremanetan jartzera deitzen ditugu txapelketa zabaldu asmoz", adierazi du antolakuntzak.
2009an abiatu zutenetik gorantz egin du nabarmen parte hartzeak. Estreinako edizioan 1.120 bikote lehiatu ziren. Iaz, 2.000. Aurtengo txapelketa ere abian da jada, herri mailako kanporaketa saioak ospatzen ari dira. Aginagan eta Usurbilen ere saio bana antolatu da asteotarako:
Urtarrilak 26, ostirala
22:00 Aginagako kanporaketa saioa, Atarialde elkartean. Izen ematea: 21:30-22:00.
Laguntzaileak: Aginaga Sagardotegia eta Bruño mariskoak.
Otsailak 2, ostirala
22:00 Usurbilgo kanporaketa Aitzaga Elkartean. Izen ematea: 21:30-22:00.
Laguntzailea: Saizar Sagardotegia.
Hurrengo faseak:
-Otsailak 24: zazpi herrialdeetako kanporaketak.
-Martxoak 10: final nazionala Uztaritzen (Lapurdi).
Finaleko sariak:
-Guztira, 50.000 euro sarietan.
-Oroigarria parte hartzaile bakoitzarentzat.
-Txapeldunentzat, garaikurra, 3.000 euro eta Karibera bidaia lau lagunentzat.
-Txapeldunordeentzat, garaikurra, 1.500 euro eta kanariar uhartera bidaia bi lagunentzat.
-Sari gehiago 3-16 postu artean sailkatzen diren bikoteentzat.
Informazio gehiago: ehmus.eus