Elkarretaratze berezia 20:00etan Mikel Laboa plazan, Xuaren urtebetetzea dela eta

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 26a, 07:07

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen haur Xuaren lehen urtebetetzearen harira, elkarretaratze berezia deitu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, ostiral honetarako, urtarrilaren 26rako iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Xuak duela astebete, urtarrilaren 19an bete zuen lehen urtea gurasoak dauden espetxe berean, gugandik ia 600 kilometrora dagoen Valentziako Picassenten.

Urtea igaro den arren, gurasoei aplikatzen ari zaizkien salbuespenezko neurrien eraginez, oraindik ezin izan du Usurbil ezagutu. Hara bisitatzera joan beharrean aurkitzen dira senideak. Olatzen ama Mari Karmen Anzaren kasuan bezala. Asteburu honetan, beste behin, ehunka kilometroko bidaia egitekoa zen, bilobaren urtebetetzea ospatu ahal izateko. 

Aste honetako NOAUA!rako eskaini duen elkarrizketan Anzak adierazi zigunez, bazuten zer ospatua aurreko asteburuko bisitan. Hasteko Xuaren urtebetetzea noski, baina baita onik direla denak. Orain urtebete, beste hainbatetan egin zuen 600 kilometroko bidaia egin behar izan zuen Mari Karmenek jaio berri zen Xua biloba ezagutzeko. Hara iritsi ordea, ondoezik sentitu eta hilabetetik gora egin behar izan zuen Valentziako ospitaleko ZIU-n. 

Xua jaio zen egunetan gainera, bere aitak, Patxi Urangak aitona galdu zuen. Hori gutxi ez eta, baimena eskatua izan arren, 21 egun itxaron behar izan zituen haurra ezagutu ahal izateko. Xua jaio aurretik, Patxi eta Olatz Alacanteko espetxean ziren. Haurdunaldiaren azken txanpan ordea, Olatz Valentziako Picassent espetxera lekuz aldatu zuten. Haurra jaio ostean, hiru aste itxaron behar izan zuen Patxik, bera ere Picassentera lekuz aldatu eta haurra ezagutu ahal izateko.

Hasiera batean gainera ez zegoen ziurtasunik Patxi Urangak Picassenten jarraituko ote zuen edo ez. Azkenean bai, Xua, Olatz eta hirurak espetxe berean daude, baina ez batera. Xua Olatzen ziega berean bizi da. Patxik ordea baimentzen diotenean soilik ikus dezake, aurreko ostiralean urtea bete zuen haurra.