Urtero gogorarazten diguten arren, hala da; gidabaimena euskaraz ateratzeak saria du Buruntzaldean, eskualdeko udal eta autoeskolek sektore hau euskalduntzeko egiten ari diren ahaleginari esker. Ostiral eguerdi honetan, 400 euroko 9 sari zozketatu dituzte Potxoenean egin duten ekitaldian, iaz gidabaimenaren zati teorikoa Buruntzaldeko autoeskolaren batean euskaraz atera zutenen artean.
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen, udalerri bakoitzean dauden autoeskola adina sari zozketatu dituzte. Segidan dituzue onuradunen izen abizenak. Tartean, saritutako usurbildar bat dago; Ekain Manterola Uribe. Zorionak!
Buruntzaldeko udal eta autoeskolek begi onez ikusi eta egitasmoa 2018an sustatzen segitzeko asmoa agertu dute gaur Potxoenean. Maiatzean aurkeztuko dute kanpaina berria. Zorionak helarazi nahi izan dizkiete sarituei baina baita "ekimen honetan parte hartzen duten den denak, zoriontzeko moduko egitasmo eta ahalegina da". Kanpaina hau 2010ean abiatu zutenetik, 18 urtetik gorako 792 herritarrek gainditu dute gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz.
Bereziki gazteak dira eremu honetan euskararen aldeko apustua egin dutenak eta kanpaina hau ere bereziki gazteei zuzendua dago. 18 urteak bete ostean, gidabaimena ateratzeko asmotan direnei.
Sarituak
- Andoain: Elixabet Mendizabal Eceiza eta Amaia Armendariz Iturralde.
- Astigarraga: Lierni Roteta Artozamunoa.
- Hernani: Xabier Murugarren Guereñu, Beñat Montero Estensoro eta Nora Bengoetxea Goikoetxea.
- Lasarte-Oria: Alex Salsamendi Galan.
- Urnieta: Andoni Mugica Izagirre.
- Usurbil: Ekain Manterola Uribe.
Gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egin dutenak Buruntzaldean
2010: 34.
2011: 60.
2012: 112.
2013: 135.
2014: 140.
2015: 113.
2016: 95.
2017: 103.
Guztira: 792.
Egitasmoan parte hartzen dutenak
-Udalak: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgoak.
-Autoeskolak: Andoaingo Bengoetxea eta Mendi, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi, Lasarte-Oriako Mugica edota Urnieta eta Usurbilgo Solozabal autoeskolak.