Elkarretaratze berezi eta jendetsua ostiral iluntze honetan frontoian, Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen haurraren urtebetetzea dela eta. Hilaren 19an urtea bete baitzuen Xuak gugandik 600 kilometrora, gurasoekin partekatzen duen Valentziako Picassent espetxean.
Elkartasun eta maitasun osoz zoriondu dute usurbildarrek, gozogile sare solidarioen tarten kandelak itzaliz, "Zorionak zuri" abestuz eta bihotzez beteriko talde argazkian. "Ozen zorionduko dugu hemendik, gure berotasuna Picassenteko ziegara helarazteko", adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.
Gogoan izan dute, salbuespen neurrien ondorioz sorterritik urrun dagoela Xua, gurasoak bezala. "Usurbildik 600 km-ra ez balego, gure artean izango zen, hemen, bere amona Mari Karmenekin. Tamalez ez da horrela", gogorarazi dute.
Senide nagusi eta gaixorik daudenen errealitatea plazaratzera
Urteko hileroko lehen mobilizazioa, Sarek urtarrilaren 13an Bilbon deitu eta hamarnaka milaka herritar batu zituen mobilizazioaren ostean dator. Eta preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazio honekin batera, Frantziako Gobernuak estatu horretan diren euskal presoak hurbiltzen hasiko den zurrumurrua zabaldu denean. "Presoak gerturatzeko abian diren zurrumurru eta aurreikuspenen aurrean, ordea, zuhur mantentzen gara. Seguru dakigun gauza bakarra zera da, lanean jarraitu behar dugula salbuespenezko neurri krudelekin lehenbailehen bukatzeko", adierazi dute frontoiko mobilizazioan.
Gaurko mobilizazioa gainera, Etxerat-ek kanpaina berria aurkeztu duen egun berean egokitu da. Espetxe politikaren ondorioak ezagutzera emateko egitasmo orokorroagoaren baitan, eta "Motxiladun umeen" errealitatea plazaratu ostean, aurrerantzean adin nagusikoen eta gaixorik dauden senideak eta dispertsioa ezagutarazteko lanketari ekingo diote. "Urrunketak pertsona ahulenengan duen eragina jakinaraztea dugu helburu eta datozen hilabeteetan euren errealitatea ezagutarazteko hainbat ekimen egingo ditugu", iragarri dute.