Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak erraustegiari lotu nahi zaion goi-tentsioko linearen proiektua ezagutzeko larunbatean antolatu zuten mendi martxa, Lasarte-Oriako Okendo plazan amaitu zuten ekitaldi batekin. Bertan besteak beste, azken asteotan hizpide izan ditugun Landaberri Ikastolako ikasle eta hezitzaileek hartu zuten hitza.
Gogoan izan, ikastola eraikitzen ari diren erraustegitik 500 metrora dago. Tratamendu planta honek Landaberriko kideen osasunean izan dezakeen eraginaz kezka adierazi dute aspalditik. Hezkuntza Delegaritzari bi eskutitz bidali izan dizkiete irakasleek, nahiz erantzunik ez zuten jaso joan den urte amaierara arte. Orduan, ikastola atarian gai honekiko kezka azaltzen zuten eta zintzilikatuak zituzten pankartak kentzeko agindua jaso zuten.
Landaberriko ikasle eta irakasleok hartu zuten hitza Okendoko ekitaldian. Ikasleek, irakasleei eskerrak helarazi nahi izan zizkieten, erraustegiak ekar ditzakeen kalteen aurrean haiekin kezkatzeagatik. Agintariei, euren osasun eta ingurunearekin ez jolastea eskatu zieten. Irakasleek Hezkuntza Delegaritzaren aldetik, pankartak kentzeko presio handia jasan dutela salatu zuten. Pankartok eskola gunetik kentzea erabaki behar izan zuten. Bestalde, Hezkuntza Ordezkaritzari, erraustegiaren aurrean, osasun bermeen inguruan eskatutako argibideen zain segitzen dutela gogorarazi zuten hezitzaileek.
Landaberri Ikastolako ikasleak: "Gure irakasleak kezkatuak daude guregatik eta guk eskerrak eman nahi dizkiegu horregatik"
Gure ikastetxea mendian dago. Askotan joaten gara mendira eta erreka bat ere bada. Gure eskolatik 500 metrotara erraustegia egin nahi digute. Erraustegian zaborra erretzen da, baina guri zaborra bereiztu eta birziklatu behar dugula erakusten digute, ingurunea zaindu behar dugula. Hondakinak erretzean, dioxinak izeneko partikula kutsakor batzuk botako ditu. Eta guk jakin nahi dugu, hori ez al da txarra osasunerako?
Gainera errauskailuak goi-tentsioko linea bat ekarriko du, Lasarte gurutzatu eta gure etxe aurretik pasako dena. Gure irakasleak kezkatuak daude guregatik eta guk eskerrak eman nahi dizkiegu horregatik. Eta agintariei esan ez jolasteko gure osasunarekin eta ingurunearekin. Eskerrik asko!
Landaberri Ikastolako irakasleak: "Hezkuntzatik azken egun hauetan pankarta kentzeko egin den presioa handia izan da"
Gu Garaiokoetxea-Landaberri ikastolako irakasle talde bat gara, erraustegia dela eta kezkatua dagoena. Gure ikastetxearen gertutasunaz konturatu zaitezten, ikastolako patiotik oso ondo ikusten da gure gainetik dagoen azpiegitura guztia. Jakin dezazuen ere, Agenda 21 proiektuan parte hartzen dugula eta aurtengo gaia, hondakinak dira. Joan den ikasturtean, klaustroaren proposamenaz organo gorenak eskutitza zuzendu zion Gipuzkoako hezkuntza ordezkariari, Gema Gonzalez de Txabarrari, erraustegiarekiko gure kezka adieraziz eta osasun bermeen inguruko argibideak eskatuz.
Eskutitza bi alditan bidali dugu eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Horrez gain, pankartaren bat ere jarri dugu. Hau dela eta, udaletxetik aurrena, eta gero Hezkuntza Ikuskaritzatik pankarta kentzeko agindua iritsi zaigu. Guk hau adierazten jarraitzen dugu: ohitura osasuntsuak eta sostengarritasuna ikasleekin lantzen ditugu. Era berean, zaborren trataeraren kultura osasuntsua eta sostengarria, murrizketa, eta berrerabilpena bultzatzen dugu, gure ikasleek esan duten bezala.
Pankartak eta horma irudiak adierazpen jardueratzat ditugu. Ikasleekin ere hormirudiak egiten ditugu. Hausnarketan eta errespetuan oinarrituta, arazo komunei irtenbide kolektiboak bilatzearen alde egiten dugu. Azkenik, erraustegiak tximiniatik bota litzazkeen dioxinen aurrean gure kezka berresten dugu.
Amaitzeko esan, Hezkuntzatik azken egun hauetan pankarta kentzeko egin den presio handia dela eta, hala bizi izan dugu, presio handia sentitu dugu, beldurra ere. Pankarta hau da kezka handia sortu diona Delegazioari. Pankarta eskola eremu barrutik kentzea erabaki dugu. Gaur hona ekarri dugu. Bestetik, atzo bertan Delegaziora joan ginen. Irakasleen %75aren sinadurak Delegazioan aurkeztu ditugu esanez guk kargu hartzen dugula pankartarena eta erantzunaren zain jarraitzen dugula.