2014ko ekainaren 8koa izugarria izan zen, ahaztezina. Erronka handia izan zen, baina Gure Esku Dago mugimenduaren deialdiari jarraiki, milaka herritarren borondatez Durangotik Iruñeara 123 kilometro luze zituen giza-katea osatu zen euskaldunon erabakitze eskubidearen alde.
Aurten esperientzia hura berritzeko aukera izango da. Elkarri eskua ematera animatzen gaituzte berriz, etorkizunari eskua ematera. Baina adi, oraingoan askoz giza-kate luzeagoa izatea nahi du Gure Esku Dago mugimenduak. Marka guztiak hautsiko ditu.
Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handiena izango dena aurkeztu zuten larunbatean Donostiako Eureka zientzia museoan. Ekainaren 10ean, Donostian abiatu, Bilbo zeharkatu eta Gasteizko Legebiltzarrean amaituko den erabakitze eskubidearen aldeko giza-katea. 201,9 kilometro luze izango ditu. Eta oraingo hau bai, besteak beste, Usurbildik ere igaroko da. "Ekainaren 10ean berriz ere eskua emango diogu elkarri, erabakiari. Herri burujabea izateko orain inoiz baino gehiago, etorkizuna zu zara", dio Gure Esku Dago mugimenduak argitaratu duen ondoko bideoan.
"Hastera goaz!"
Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak ekainaren 10eko hitzordua prestatzen hastera doala iragarri du egunotan. "Usurbildarrok ere indarrez helduko diogu erronkari! Hastera goaz!".
Lehen hitzordua urtarrilaren 31rako finkatu dute 19:00etan Sutegiko erakusketa gelan. Gure Esku Dago mugimenduak Herritarron Ituna lantzen hasteko hiriburuetan antolatu dituzten hitzaldi zikloak Sutegin streaming bidez zuzenean jarraituko ahalko dira. Lehenengoa urtarrilaren 31n, Bilboko Bizkaia Aretoan egingo dute.
USURBILDIK IGAROKO DEN GIZA-KATEA
Eguna: ekainak 10, igandea.
Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".
Abiapuntua: Donostiako Kontxa.
Helmuga: Gasteiz.
Luzeera: 201,9 kilometro.
Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbildik igaroko da.
Informazio gehiago: gureeskudago.eus
Deitzailea: Gure Esku Dago.
2018rako erronkak
Ekainaren 10eko mobilizazioa, Herritarron Ituna eta aurten ospatuko diren herri galdeketak izango dira, “EtorkiZUna” aldarripean bideratuko duten kanpainaren baitan, erabakitze Gure Esku Dagoren 2018rako lan ildo nagusiak. Urte berri honetarako plangintza, Gure Esku Dagok azaroa amaieran Agurainen (Araba) egindako Bazkideen Ezohiko Batzarrean aurkeztu eta onartu zuten. Hemen duzue batzar haren harira, zabaldu duten txostena: Etorkizuna
Erabakitzeko arrazoien bilketa
"4 urteko ibilbidearen ondoren, urrats berriak egiteko ordua heldu da. Ziklo berri bat zabaltzera goaz gure herrian", iragarri du Gure Esku Dagok.
Aipatu moduan dagoeneko 180 herrietan antolatu dituzte galdeketak, orain "hiriburuetan baldintzak sortzeko ahalegin berezia egingo dugu". Baina lan ildo nagusia, Herritarron Ituna lantzea izango da, "guztion artean idatziko duguna". Bertan, erabakitzeko 2019 arrazoi bildu nahi dira. "Adostasunetan sakonduz eta kultura demokratiko berria garatuz, zergatik erabaki nahi dugun jasoko du Herritaron Itunak", aurreratu dute.
Datozen asteotan hiriburuetan ospatzekoak diren mahai inguruen ostean, "herriz herri edota eskualdez eskualde osatzen joango gara". Bide horretan bi hitzordu nagusi deitu dituzte; maiatzerako Klik Eguna, eta ekainaren 10ean Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handiena.
Hortik aurrera, "Herritarron Itunean jasotako edukiak plazaratu eta gure herrian ziklo berria zabalduko duen herri itun bat sustatuko du Gure Esku Dagok. Euskal herriko eragileen artean herri gisa erabakitzeko behar diren konplizitateak eta adostasunak jostea helburu duen erabakitzeko eskubidearen aldeko Herri Ituna".
Euskal herritarrek euren etorkizun politikoa erabaki arte lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du Gure Esku Dagok, "eskuz esku elkarlanean, guztiok bat eginda soilik lortuko baitugu Euskal Herrian erabakitzea. Etorkizuna gure esku dago. Eta etorkizuna zu zara, gu gara. Elkarrekin har dezagun bidea".
EGUTEGIA
-Urtean zehar: herri gehiagotan ospatuko diren herri galdeketak eta erabakitzeko arrazoiak bilduko dituen Herritarron Itunaren lanketa herriz herri.
-Maiatza: Herritarron Itunerako arrazoi bilketa festa giroan plazaratzeko, Klik Eguna herrietan.
-Ekainak 10: giza-katea.
-Hortik aurrera, Herri Itunean jasotako edukiak plazaratu eta sustatzea.
Informazio gehiago:
Twitter: @GureEskuDago/@GureEskuDagoU
Facebook: Gureeskudago/ Gure Esku Dago Usurbil