Plazaratu berri du Usurbilgo Udalak otsaileko kultur agenda; kultura.usurbil.eus atarian kontsulta dezakezue. Paperekoa egunotan banatuko dute etxeetan. Hurrengo asteotarako agendak, ate joka ditugun mozorro festen hitzorduak dakartza. Gogoan izan, larunbat honetan Euskal Inauteriak ospatuko dituzte Zubietatik Lasartera. Otsailaren 9an ikastetxeen txanda izango da eta segidan, Usurbila hedatuko festa giroa.
Bi batzar garrantzitsu ere iragatzen ditu otsaileko kultur agendak; biak datorren asterako. Usurbilgo festak prestatzen hasteko lehen hitzordua deitu du Jai Batzordeak hilaren 6rako. Bertan jai egunak finkatu eta festetarako lehen proposamenak biltzen hasiko dira. Bilkura ohi bezala irekia izango da herritar nahiz eragileentzat. Baita biharamunekoa ere; Euskaraldia antolatzen hasteko batzarra deitu baita otsailaren 7an. Euskararen erabilera indartzea helburu duen Euskal Herri mailako ekimena Usurbilen prestatzeari ekiteko hitzorduan parte hartzera deitzen zaie herritarrei.
Tipi Tapa bueltan
Hilero antolatzen diren ekintzen artean, bi zine proiekzio otsailean. Bat haurrentzat, Udalak eta Ziortzak antolaturikoa, igande honetan bertan, otsailaren 4an; "Igelen erresuma" proiektatuko dute Sutegin. Eta otsailaren 16an, Udarregi Ikastolako DBH4-ko ikasleek ikasturte amaierako bidaia diruz laguntzeko antolaturikoa. "Aintza (Slava)" filma ikusteko aukera eskainiko digute Sutegin. Jatorrizko bertsioan, euskarazko azpitituluekin.
Lehenago, Zumaia-Saturraran txangoa egiteko aukera izango da Andatzakoen eskutik otsailaren 11n. Gipuzkoari bira eman nahi diote aurten. Bira horren baitan prestatu duten bigarren etapa duzue honakoa.
Eta adi, itzulera baten iragarpena ere badakar otsaileko kultur agendak; Hurbilago Elkarteak antolaturiko Tipi Tapa ekimenarena. Otsailetik hasita hilabetero berriz bueltan izango ditugu tabernariek sukaldaturiko pintxo festak. Iaz bezala, bi formatu tartekatu asmo dituzte; tabernetako pintxo jana, eta noizbehinka, plazara ere aterako dira, "Bizi Kalea" ekimenaren bidez. Otsailean momentuz, bakailao pintxo berezien ibilbide gastronomikoa osatzeko aukera izango dugu Kaxkoko 6 tabernetan.