Gure Esku Dagoren hiriburuetako hitzaldi zikloa zuzenean ikusteko aukera Sutegin

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 30a, 06:41

2018rako Gure Esku Dagok jorratu asmo dituen lan ildoen artean, Herritarron Ituna delakoa lantzea dago. Lanketa hau eskualdez eskualde, herriz herri bideratu asmo dute. Bertan, erabakitzeko 2019 arrazoi bildu nahi dira. "Adostasunetan sakonduz eta kultura demokratiko berria garatuz, zergatik erabaki nahi dugun jasoko du Herritaron Itunak", aurreratu dute.

Itun honen lanketa girotzen hasteko hitzaldi zikloa antolatu du Gure Esku Dagok datozen lau asteazkenetarako (urtarrilak 31, otsailak 7, 14 eta 21) Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Hitzaldiotara joan ezin duenarentzat, Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak solasaldiok streaming bidez jarraitzeko aukera eskainiko du.

Lehenengo hitzaldia, asteazken honetarako, urtarrilaren 31rako iragarri dute. "Zergatik erabaki?" aldarripean, ongizatea hizpide hartuta solasean ariko dira Bilboko Bizkaia Aretoan 19:00etan hasita, Garbiñe Aranburu, Jon Agirre, Emilio Olabarria, Adrian Zelaia eta Igor Mera. Esan bezala, streaming bidez ikusteko aukera izango da hitzaldia Sutegiko erakusketa gelan.  "Usurbilen ere Herritarron Ituna osatzeari ekin nahi diogu eta horretarako erabakitzearen aldeko arrazoiak bildu nahi ditugu herritarron artean. Lehenengo aukera urtarrilaren 31n izango duzu, arratsaldeko 7etan. Animatu eta hurbildu!", luzatu dute gonbita.

Aurreratu duten moduan, Herritarron Itunaren lanketa Usurbilen ere bideratuko du Usurbilgo Gure Esku Dagok, hurrengo hilabeteotan. Egitasmo honi lotutako egutegi orokor bat finkatua du jada Gure Esku Dagok:

EGUTEGIA

-"Zergatik erabaki?" hitzaldi zikloa hiriburuetan urtarrilaren 31n, otsailaren 7an, 14an eta 21ean 19:00etan. Solasaldiok streaming bidez Sutegin ikusteko aukera.

-Urtean zehar: erabakitzeko arrazoiak bilduko dituen Herritarron Itunaren lanketa herriz herri.

-Maiatza: Herritarron Itunerako arrazoi bilketa festa giroan plazaratzeko, Klik Eguna herrietan.

-Ekainak 10: giza-katea.

-Hortik aurrera, Herri Itunean jasotako edukiak plazaratu eta sustatzea.

Informazio gehiago:

gureeskudago.eus

Twitter: @GureEskuDago/@GureEskuDagoU

Facebook: Gureeskudago/ Gure Esku Dago Usurbil

Ekainaren 10eko giza-katea Usurbildik

2014ko ekainaren 8koa izugarria izan zen, ahaztezina. Erronka handia izan zen, baina Gure Esku Dago mugimenduaren deialdiari jarraiki, milaka herritarren borondatez Durangotik Iruñeara 123 kilometro luze zituen giza-katea osatu zen euskaldunon erabakitze eskubidearen alde. 

Aurten esperientzia hura berritzeko aukera izango da. Elkarri eskua ematera animatzen gaituzte berriz, etorkizunari eskua ematera. Baina adi, oraingoan askoz giza-kate luzeagoa izatea nahi du Gure Esku Dago mugimenduak. Marka guztiak hautsiko ditu.

Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handiena izango dena aurkeztu zuten larunbatean Donostiako Eureka zientzia museoan. Ekainaren 10ean, Donostian abiatu, Bilbo zeharkatu eta Gasteizko Legebiltzarrean amaituko den erabakitze eskubidearen aldeko giza-katea. 201,9 kilometro luze izango ditu. Eta oraingo hau bai, besteak beste, Usurbildik ere igaroko da. "Ekainaren 10ean berriz ere eskua emango diogu elkarri, erabakiari. Herri burujabea izateko orain inoiz baino gehiago, etorkizuna zu zara", dio Gure Esku Dago mugimenduak argitaratu duen ondoko bideoan.

 

"Hastera goaz!"

Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak ekainaren 10eko hitzordua prestatzen hastera doala iragarri du egunotan. "Usurbildarrok ere indarrez helduko diogu erronkari! Hastera goaz!".

USURBILDIK IGAROKO DEN GIZA-KATEA

Eguna: ekainak 10, igandea.

Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".

Abiapuntua: Donostiako Kontxa.

Helmuga: Gasteiz.

Luzeera: 201,9 kilometro.

Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbildik igaroko da.

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Deitzailea: Gure Esku Dago.