Erraustegia geratu eta birziklapena sustatzearen aldeko manifestazioa otsailaren 24an Donostian

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 30a, 14:32

Goi tentsioko linearen eta erraustegiaren aurka antolaturiko mendi martxan iragarri zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak: "ez dugu atsedenik hartuko erraustegi toxikoa gelditu arte eta harekin batera eraiki nahi dituzten azpiegitura guztiak, besteak beste, goi tentsioko linea. Eutsi eta animo! Errausketari ez, goi tentsioko lineari ez!". Ez dela amore emateko garaia, lanean segitzekoa baizik azpimarratzen zuten, mendi martxa amaieran Lasarte-Oriako Okendo plazan egin zuten ekitaldian.

Hitzordu horretan iragarri zuten hurrengo mobilizazioa: otsailaren 24an (larunbata) 17:30etan Donostian "Erraustegia gelditu. Birziklapena sustatu" aldarripean deitu duten manifestazioa.

ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUAREN ADIERAZPENA, MENDI MARTXA AMAIERAN

Gutxi balira bezala Zubietako erraustegiak Buruntzaldeari egin dizkion kalteak, gaur hemen elkartu gara beste bat salatzeko, bai, beste kalte bat. Erraustegiari atxikia egin nahi duten 5 kilometroko goi-tentsioko linea berriak inguruko naturari eta herritarroi egingo diguna. Zubietako erraustegitik atera eta 5 kilometroan zehar, baso, larre eta nekazaritza lur artean joango da goi-tentsioko linea berria, Zubieta, Lasarte, Andoain eta Urnietako larretan barna.

40 metroko zabaleran eraikiko diren 132 kw potentziako zutabeetatik atera nahi dute argindar sarrera zaborrak errausteagatik sortuko den energia. Aste honetan bertan Europako Parlamentuak diru publikoz laguntzea debekatu duen jarduera bera hain zuzen. Hori ere beste multinazional baten negozioa bihurtuko da, kasu honetan Iberdrolarena.

Lasarteko EAJ-k eskatu zuen bere garaian erraustegiko energia doan emateko Lasarteko herritarrei. Erraustegiaren ondorioak hain gertu edukita, nolabaiteko konpentsazio moduan. Aldundiak noski, ukatu egin zuen proposamen hori: Zer ondorio klase? Ingurumen zentroak ondorio negatiborik ez du, batere, dena ona eta txukuna. Besteak beste, Klima Aldaketaren Aurkako Zentroa ere ondoan egingo dugu.

Aurpegia behar da gero, aurpegi latza. Gipuzkoan, berotegi efektuko gasen bigarren isurtzaile nagusia izango den Zubietako erraustegiaren ondoan egin nahi dute klima aldaketa ikertzeko zentroa. Badute non ikertu, eta batez ere non saihestu karbono dioxidoa, nitrogeno oxidoak eta bestelako gas toxikoak isurtzeko. Has daitezela erraustegitik, munduak eta klimak eskertuko die. 

Goi tentsioko linea tramitean dago, laster hasiko dituzte lurren desjabetzeak. Erraustegiaren obrak berriz martxan, korrika eta presaka dabiltza agintaldi honetan amaitu nahian. Ez da amore emateko garaia ordea, lanean jarraitu behar da eta borrokan. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, Diputazioak, Jaurlaritzak denek bat egin dute Buruntzaldeko herritarron osasunari kalte itzela egin diezaiokeen erraustegia inposatzeko. Pankartak ere ez zaizkie gustatzen, herritarren protestak ez zaizkie gustatzen. Ba argi eta ozen esan nahi diegu: ez dugu atsedenik hartuko erraustegi toxikoa gelditu arte eta harekin batera eraiki nahi dituzten azpiegitura guztiak, besteak beste, goi tentsioko linea. Eutsi eta animo! Errausketari ez, goi tentsioko lineari ez!

Mendi martxa iruditan: mendi martxa iruditan

https://youtu.be/vng6kGLkjTQ

https://youtu.be/t3ap6Gj368w

https://youtu.be/ZGmtU6oXGlw

https://youtu.be/llyY5bCN030