Eguneko Zentroa kudeatzeko kontratua esleitu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 30a, 20:04

Eguneko Zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emateko kontratua GSR, Gestion de Servicios Residenciales, S. Coop-i esleitzea erabaki berri du aho batez Usurbilgo Udaleko udalbatzak, astearte arratsalde honetan egin duten osoko bilkuran. Kalezarko Haur Eskolaren eraikin berean kokatzen den gunea ireki zutenetik gaur arte kudeatu dutenek, orain arte egindako lanari segida emateko aukera izango dute honenbestez, beste 3 urtez gutxienik (5 urtera arte luzagarri).

Gogoan izan, aipatu adinekoen zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emakidaz kontratatzeko espedientea eta "aipatu kontratua gauzatzeko, jarduteko eta esleipenerako oinarri bezala erabiliko diren Administrazio Baldintza Zehatzen eta Preskripzio Teknikoen orriak" onartu zuen udalbatzak urriaren 4an egin zuten ezohiko osoko bilkuran.

Lizitazio deialdira enpresa bakarra aurkeztu zen gero, egungo kudeatzaileak; Gestión de Servicios Residenciales S. Coop. enpresa. Haien eskaintzak lizitazioko baldintza guztiak bete eta esleipeneko gehienezko prezioa gainditzen ez zuenez, aho bateko babesa eman zion udalbatzak eskaintza honi abenduaren 19ko osoko bilkuran.

Ordutik, 10 eguneko epea zuen aipatu enpresak esleipen deialdiko oinarrietan aipatzen ziren agiriak aurkezteko. Urrats hau egoki bete ostean, astearte honetako osoko bilkuran aho batez GSR enpresari esleitu zaio Puntapax kudeatzeko esleipen kontratua. Hurrengo pausoa, kontratua sinatzea izango da eta aipatu enpresari jarria zuen behin behineko bermea itzultzea. Kontratua sinatu ostean, "formalizazio hori udaleko Kontratatzailearen Profilean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta legez dagokion gainerako bitartekoetan" argitaratuko du Usurbilgo Udalak.

Garraio zerbitzua ere esleitu berria

Eguneko Zentroa albiste izan dugu azken asteotan. Puntapaxeko erabiltzaileen joan etorriak ahalbidetzen dituen zerbitzua, beste bi urterako DYA-Gertu Fundazioari esleitzea erabaki baitu Udalak. Orain arte ere fundazio bera zen zerbitzu hau eskaintzen zuena.

Aurrez zehaztutako tokietan erabiltzaileak jaso, Eguneko Zentrora eraman, eta alderantzizko bidea egiten du, Eguneko Zentrotik aurrez zehazturiko tokian uzteko. Zerbitzu hau eskaintzeko baliatzen duten ibilgailua mugikortasun urriko pertsonak garraiatzeko egokitua dago.