Iaz trenak Usurbilen harrapatu zuen Mozal Legearen aurkako ekintzailea epaituko dute

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 31a, 13:40

ARGIAk berri eman duenez, Mozal Legearen aurkako protesta ekintza batean trenak iazko maiatzean Usurbilen harrapatu zuen ekintzailea epaituko dute Donostian, martxoaren 5ean. 

Ezbeharra, Donostiako Eleak-Libre Mugimenduko 15 laguneko taldea Usurbilgo geltokira heldutako trenaren alde batean Mozal Legearen aurkako "EAJ, Mozal Legeari ez" pintaketa egiten ari zela gertatu zen. Talde kideetako bat trenaren aurrean jarri zen puxika laranja batekin trena geldirik mantentzeko eskatuz.  Makinistak antza ez zuen ikusi ekintzailea, trena martxan jarri eta gaztea nasa eta trenaren artean harrapatua geratu zen. Haustura dezenterekin larri eraman zuten ospitalera. Hiru aste eman zituen ospitalean, 12 egun koma induzituan, haietako bi zainketa berezien unitatean. Bera eta anbulantziaren zain berarekin geratu zen laguna martxoaren 5ean epaituko dituzte Donostian kalteengatik, ARGIA-k berri eman duenez. Euskotreneko bi ordezkari ere epaiketan deklaratzera deitu dituzte.

Mobilizazio eta protesta ekintzak

Usurbilgo geltokiko gertaeren biharamunetik, hainbat mobilizazio eta protesta ekintza egin ziren Mozal Legaren aurka eta zauritutako gazteari elkartasuna adierazteko. Lehen elkarretaratzea biharamunean Donostiako Bulebarrean. Mozal Legearen aurkako salaketa ekintzak beharrezkotzat jo zituzten, guztiz zilegiak direla, gogorarazten dutenez "Mozal Legeak indargabetu gabe segitzen baitu". Eleak Libre mugimendutik bestalde, azken 20 hilabeteotan 11.000 euskal herritar baino gehiago izan direla zigortuak gogorarazi zuten, "gure eskubide zibil eta politikoak 11.000 aldiz bortxatu dituzte", nahiz bai Iruñea zein Gasteizko legebiltzarrak Mozal Legearen aurka agertu izan diren.

Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari ekintzaileei zigor edo isunik ez jartzea galdegin zieten, baita zabaldu zuten prozedura penala bertan behera uztea ere. Eskubide zibil eta politikoen eremuan, elkartasunetik konpromisora pasatzeko deia ere egin zuten.

Usurbilgo 36. Sagardo Egunean ere une hartan osasun egoera larria zen gazteari elkartasuna adierazteko eta Mozal Legearen aurkako elkarretaratzea egin zuten Aitzaga atarian, "Guk ere egingo genuke, animo Martin. Zurekin gaude, eutsi!"  eta "Mozal Legeari ez!" aldarripean.

Hilabete amaieran egin zuten osoko bilkuran ere, Usurbilgo Udaleko udalbatza Mozal Legearen aurka agertu eta gazteari elkartasuna adierazi zion, EHBilduk aurkeztu eta gehiengo osoz (EAJ aurka, PSE abstentzioa) onartu zen mozio honen bidez: