"Igelen erresuma", haurrentzako zinea euskaraz igandean

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 2a, 08:40

Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin elkarlanean haurrei zuzenduta antolaturiko euskarazko zine zikloaren hitzordu berria igandean, otsailaren 4an 17:00etan Sutegin. “Igelen erresuma” filma proiektatuko dute. Sarrerak ohi bezala, 3 eurotan izango dira egunean bertan kultur etxean salgai. "Igelen Erregeak Igelolinpiar Jokoen garailea bere alabarekin ezkonduko dela iragarri ostean, Printzesak ihes egitea erabakiko du. Plebeioz jantzita, ihesaldian Mecha saltzaile ibiltaria ezagutuko du, eta haren laguntzaz Olinpiar Jokoak prestatzen hasiko da. Bere asmoa Jokoak irabazi eta aitaren plana zapuztea da. Bien bitartean suge gaiztoa, Begibakar Kapitainaren laguntzarekin, Igelolinpiar Jokoak bertan behera uzteko eta erresuma bereganatzeko plana abian jarriko du. Mecha eta Printzesa suge gaiztoaren asmoa ezagutu eta erresuma babesten ahaleginduko dira".

https://youtu.be/_fmm7i05z88

Ostiraletako zinea, hilaren 16an

Udarregi Ikastolako DBH4-ko gazteek Usurbilgo Udalaren laguntzaz antolaturiko zine zikloaren hurrengo saioa, otsailaren 16an 19:00etan Sutegin. Oraingoan, "Aintza (Slava)" proiektatuko dute jatorrizko bertsioan, euskarazko azpitituluekin 12 urtetik gorakoentzat. Sarrerak egunean bertan 2 eurotan salgai.

"Goiz batean, Tsanko Petrovek, trenbideetako langileak, diruz betetako poltsa bat aurkituko du trenbidean. Poliziari abisatzea erabakiko du. Garraio Ministerioko agintariek, korrupzio kasu batengatik egun horietan egunkarietako lehen orrialdean ageri direnek, Petrov saritzea erabakiko dute bere jokabideagatik, era horretan berri on bat emateko asmoz. Eskumuturreko erloju bat oparituko diote ekitaldian, eta daramana kenduko diote: aitak oparitutako glory bat. Bere erlojua berreskuratzen saiatu bitartean, galdu egin dutela jakingo du. Hemen hasten da bere erloju zaharra eta bere duintasuna lehengoratzeko ekingo dion borroka".