Igandeko Santa Ageda bezperako eskean parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 2a, 09:42

Duela bi urteko irudia duzue ondokoa, aurten errepikatuko dena. Kantu Taldeak Santa Ageda eskea antolatu du bezperarako, igande honetan, otsailaren 4an. Iluntzeko 19:00etan finkatu dute Mikel Laboa plazan, elkartzeko hitzordua. Gonbita irekia da, herritar oro animatzen dute baserritar jantziak soinean eta makila eskuetan, usadio zahar hau berreskuratu eta abestera. 

Hiru kantu-jira otsailean

Otsaila hitzorduz betea du Kantu Taldeak. Santa Ageda bezperan soilik ez, otsailaren 10eko Inauteri Festan ere eguerdiz kalez kale abestera irtengo baitira. Eta hilabete amaieran ohiko hitzordua izango dute. Ekitaldi guztiok prestatzeko gogoan izan, astero bezala, astelehen honetan bilduko dira Kantu Taldekoak 18:00-19:00 Udarregi Ikastolaren Agerialde eraikineko musika gelan: 

-Otsailak 4, igandea: 19:00 Santa Ageda bezperako eskea Mikel Laboa plazatik.

-Otsailak 10, larunbata: 12:00 Inauteri festako kantu-jira Mikel Laboa plazatik.

-Otsailak 24, larunbata: 12:30-14:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik.