Elurraren arrastorik ez, baina kazkabarraren eraginez arazoak A-8 autobidean Usurbil parean

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 2a, 10:50

Urte garai honetan egokitzen dena, negu giroa iragarria zegoen ostiral honetarako elurragatik bereziki, baina azkenean kazkabarra ari da eragiten arazo gehien inguruotan. Usurbildik igarotzen den A-8 autobidean auto ilara luzeak eragin dituzte goizeko lehen orduan izandako hiru istripuk. Haietako bat Usurbil parean gertatu da Bilbora bidean, auto bat bidetik irten ostean. Beste biak Orio parean Donostiarako noranzkoan.

Zauriturik izan ez den arren, auto ilara luzeak eragin dituzte istripuok. Goizeko 10:20 aldera, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza berri ematen ari zenez, 13 kilometroko auto ilarak zeuden Orio paretik hasita Bilboko noranzkoan, 8 kilometrokoa Donostiara bidean. 11:00etarako Irungo noranzkoan amaituak zeuden auto ilarak. Bilborako noranzkoan 9 kilometroko auto ilarak zeuden.

Alerta laranja aktibatua dago elurragatik eguerdiko 12:00ak arte. 300-400 metrotan egin dezake elurra, "balite beherago egotea ekaitz guneetan edo prezipitazioak intentsitate handiagoa duen lekuetan. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu kantauri isurialdean eta txikiak gainerako lekuetan. Kantauri isurialdean trumoiak jo eta txingorra egingo du. Barnealdeko zenbait puntutan izotz txikia egingo du, handia mendi inguruetan".

Zuritzekotan gorago egin dezake gero, 500-700 metro artean. Abisu horia indarrean izango da eguerdiko 12:00etatik gauerdira arte. Larunbatean euria espero da eta igandetik aurrera berriz elurra behe samarrean. 

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Otsailak 2, ostirala

"Negu gorriko eguraldia. Ipar isurialdean zaparradek ez dute etenik izango eta noiznahi trumoiak jo eta txingorra bota dezake. Lurraldearen hegoaldean, aldiz, prezipitazioa urriagoa izango da, batez ere arratsaldean. Elur-kota maila baxuan mantenduko da, 300 m-ren bueltan goizean, baina ekaitz-eremuetan eta prezipitazioaren intentsitatea handiagoa den zonaldeetan beherago ere zurituko du. Arratsaldean 500-600 m ingurura igoko da. Ipar haizeak indar apur bat galduko badu ere, ohiko lekuetan boladaka gogor joko du are gehiago gordinduz giroa. Tenperatura maximoak 5 ºC-ren azpitik eta barnealdeko txoko askotan zeropeko balioak neurtuko dira".

Otsailak 3, larunbata

"Prezipitazioa ugaria izango da, baina elur-maila gorago eguerdi partean. Fronte berri bat gaineratuko zaigu eta prezipitazioa ugaria izango da; kantauri isurialdean ia etengabe egin dezake, batez ere arratsaldetik aurrera eta tarteka mardul egingo du. Gauean ekaitzak jo eta txingorra botako du. Elur-kota goizean zertxobait igoko bada ere, gaualderako berriro ere jaitsi egingo da; egunsentian 700-800 m inguruan kokatuko da, eguerdi partean gorago, eta iluntzerako 600-800 m ingurua jaitsiko da. Giro hotza eta iparraldeko haizeak are gehiago mikaztuko du giroa".

Otsailak 4, igandea

"Depresio txiki baten eraginpean egongo gara; prezipitaziori dagokionez ziurgabetasuna handia da. Litekeena da prezipitazioa urria izatea. Ezegonkortasuna handia denez trumoiak jo eta txingorra egin dezake kantauri isurialdean. Elur-kota 400 eta 700 m artean mugituko da. Haizea mendebaldetik ibiliko da, tarteka ipar-mendebaldetik finkatuz eta goizaldean bizi ibiliko da. Hotz egingo du eta datozen egunak bide beretik etorriko dira".

OstiralaLarunbataIgandeaAstelehenaAstearteaAsteazkena

Informazio eguneratua: euskalmet.eus

 

https://twitter.com/trafikoaEJGV/status/959368098095779841

https://twitter.com/DYAGipuzkoa/status/959365840960356352

https://twitter.com/mikelastarloza/status/959368659222310913

https://twitter.com/trafikoaEJGV/status/959356929717030913

https://twitter.com/Euskalmet/status/959332475964190721

https://twitter.com/trafikoaEJGV/status/959316544634286080

https://twitter.com/trafikoaEJGV/status/959317343212941312