Hileta edo omenaldi zibilak egiteko udal ordenantzaren aldaketa behin betikoz onartu da

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 2a, 10:41

Hileta edo omenaldi zibilak egiteko 2010ean onarturiko ordenantza egokitu du Usurbilgo Udalak, hainbat hobekuntza txertatu ostean. Aurrerantzean, hileta edo omenaldi zibilak gune gehiagotan eta ordutegi zabalagoan antolatzeko aukera izango da Usurbilen.

Orain arte hilerri berriko tanatorioan edota Askatasuna plazan (behar balitz itxiturekin) antolatu zitezkeen hileta zibilak. Aurrerantzean baita Sutegiko auditorioan eta abenduaren 16an Udalak inauguratu zuen Errautsen Parke berrian ere; astelehenetik larunbatera, goiz (11:00-13:00) edota arratsaldez (18:00-20:00). Egokitzapenok egiteko nahia, "hil ondorengo hileta edo omenaldi zibilak egiteko behar soziala erlijiorik gabe bizi­tzea aukeratu duten herritarrei zeremonia duina eta per­tso­nala eskain­tzeko beharretik sortu da, herritar horiek bizi­tza uler­tzeko duten modua errespeta­tzeko".

Horregatik, gaineratzen dutenez, "ordenan­tza honen helburua, beraz, Usurbilgo gizarte zibila osa­tzen duten familiek, adiskideek, erakundeek edo taldeek beren hildakoak omen­tzeko edo horiei agur­tzeko egin nahi dituzten ekitaldiak baimen­tzeko arauak ematea da, hala, per­tsona horien ekarpenak edo balio etikoak edota gizatiarrak onar­tzeko".

15 egun barru indarrean

Aipatu udal ordenantza hau hasieraz aldatzea onartu zuen aho batez udalbatzak, urriaren 31ko osoko bilkuran. Horretarako finkatua zegoen epearen baitan erreklamazio edo iradokizunik egon ez denez, behin betiko onartu du orain Usurbilgo Udalak, hileta edo omenaldi zibilak egiteko udal ordenantzaren aldaketa. Udalak otsailaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen iragarkiaren arabera, 15 egun barru jarriko da indarrean ordenantza eraberritua. "Udalba­tzak berau alda­tzeko edo indargabe­tzeko erabakia hartu arte izango da indarrean".

Egokitu duten udal araudi honen nondik norakoak esteka honetan dituzue ikusgai: hileta zibilak egiteko udal ordenantza egokitua, behin betikoz onartua

Hilerriko erregimen eta funtzionamendu araudi aldaketa

Gai honi lotuta, urte amaieran inauguratu zuten Errautsen Parke berriak 2007az geroztik Udalak indarrean zuen hilerriaren erregimen eta funtzionamendu araudia aldatzea ekarri du. Araudi aldaketa hasieraz onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz azaroaren 28ko osoko bilkuran, EHBildu eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ-ren udal ordezkariak abstenitu ziren. Ordenantza aldatua jendaurrean jarriko da 30 egunez, "erreklamazio eta iradokizunak aurkez daitezen. Epe horretan iradokizun edo erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, ordenan­tza­ren aldaketa behin betiko one­tsi­tzat joko da, Udalba­tza plenoaren berariazko akordio beharrik gabe".