Urte garai honetan egokitzen den moduan, negu giroa biziko dugu egunotan. Hotzaldiarekin batera, elurra behe samarrean egin dezake. Iragarpenen arabera, gaur egunean zehar 500-700 metro artean, eta "azken orduetan 200-400 m ingurura jaitsiko da. Prezipitazio txikia egingo du, noizbehinka eta zenbait lekutan ertaina".
Datozen egunetan, maila berean zuritu dezake, 200-400 metro artean. Asteazkenerako ordea prezipitazio gehiago espero da, ekaitz giroa. "Elur-maila 200 metro inguruan egongo da, baina zenbait tokitan gehiago jaits daiteke", iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. 100-300 metro artean egin dezake elurra. "Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; sarriago egingo du eta ugariagoa izango da kantauri isurialdean", iragarri du Euskalmet-ek.
Elurra tarteko, abisu horia aktibatua dute Gipuzkoa barnealdean.
Astelehena | Asteartea | Asteazkena | Osteguna | Ostirala | Larunbata |
---|---|---|---|---|---|
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Otsailak 5, astelehena
"Gaur aldaketarik ez, hotza eta prezipitazioak izango dira nagusi. Oraingoan prezipitazioa barnealdetik sartuko da eta lurralde osora zabalduko da; oro har, prezipitazioa txikia izango da baina tarteka zaparrada mardulagoak bota ditzake. Elur-maila 600-800 m inguruan egongo da baina jaisten joango da, azken orduetan 200-400 m inguruan geratu arte. Iparraldeko haizea ibiliko da eta hotz egingo du. Barnealdean izotz txikia egingo du, handiagoa mendi inguruetan".
Otsailak 6, asteartea
"Hotz egingo du eta elurra maila baxuetan espero da. Prezipitazioekin jarraituko dugu asteartean, orokorrean txikia, baina elur-moduan egingo du lurraldeko toki askotan, elur-maila 200-400 m inguruan egongo baita egun osoan. Iparraldeko haizea ibiliko da eta tenperatura astelehenekoa baino pare bat gradu baxuagoa izango da".
Otsailak 7, asteazkena
"Asteazkenean prezipitazio gehiago espero dugu eta 200 m ingurura elur moduan izango da. Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, ugariagoak kantauri isurialdean; bertan ekaitzak jo eta kazkabarra egin dezake. Elur-maila 200 m inguruan egongo da, baina zenbait tokitan gehiago jaits daiteke. Ipar-haizea nagusituko da eta indartsu ibiliko da kostaldean eta mendi inguruetan. Giro hotza berriz ere; maximoak ozta-ozta iritsiko dira 3 ºC-ra barnealdean eta 6-7 ºC-ra kostaldean".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus