Esku artean dituzten 2018rako proiektu nagusiak aurreratu ditu Usurbilgo Udala kide duen Udalbiltza erakundeak. Iaz landu zuten "Bagabiltza" prozesuaren ondotik, hurrengo hamarkadarako lan ildoak zehaztu zituzten azaroan egin zuten batzar nagusian.
Aurtengoari dagokionez, besteak beste, lau egitasmo jorratu asmo dituela berri eman dute Udalbiltzatik. Batetik, aspaldiko proiektu bat berreskuratu asmo du Udalbiltzak; EHNA, Euskal Herriko naziotasun aitorpena.
Bestetik, Udalbiltzaren nahiz beste erakunde eta eragileen esperientziak bildu eta elkartrukea sustatuko duen Esperientzia Bankua. Helburu nagusia, egin den lana ezagutarazi eta saretzea litzateke. "Asko dira Udalbiltzak eta beste elkarte eta erakundeek egindako esperientziak, proiektu honen bidez horiek bildu eta zabaldu nahi ditugu. Esperientzien bankua tresna oso interesgarria izan daiteke, besteak beste, esperientzia ezberdinak biltzeko, Udalbiltzaren egitasmoak herriratzeko, eskualdeen arteko ezagutza eta harremanak sustatzeko, hautetsiak formatzeko eta udalek beraien erronkak eta lanak egiteko informazio eta harreman interesgarriak lortzeko".
Euskal Herri osoa aintzakotat hartuko duen euskarri turistikoa ere sortu nahi du Udalbiltzak; Euskal Herriko mapa turistikoa. "Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa mapa turistiko baten proiektua garatzen ari da. Mapan agertuko dira elkargoko eremu geografikoa auzoko herrialde batzuekin batera. Udalbiltzaren asmoa da proiektu honetan parte hartzea Elkargoarekin lankidetzan, betiere, osagarritasunaren irizpidearekin. Hortaz, Udalbiltzak asmoa du paper formatuko mapa osatzeaz gain, aplikazio digital bat ere sortzea, turismo bulegoen eta eragileen esku jartzeko", berri eman dute erakundetik.
Azkenik, "Euskaldunen Historia" memoriala eraiki asmo dute Senperen. "Proiektu honen helburua da euskaldunen iragana kontatuz, etorkizunera begira jartzea. Horretarako euskal populuaren historiaren erakusleiho bat eskaini nahi du Udalbiltzak memorial bat eraikiz Senpereko herrian. Euskaldunen historia azaltzeko lau panel izango dira, zeinen bidez 22 bideo ikusgai izango diren, QR kode baten bitartez. Honi guztiari testu eta audioek lagunduko diote. Zizelkadura bat izango da lau panelen erdian".