Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiaren eraginari buruzko eztabaida publikoa eta teknikoa eskaintzea eskatzeko bildutako sinadura kopuruak gorantz segitzen du. Ipar Haizea plataformak change.org atarian abiatutako ekimenaren baitan, ia 5.000 lagunek galdegin dute erraustegiaren alde eta kontrako jarrerak bildu eta kontrastatuko dituen eztabaida hau telebista bidez emititzea. 5.000 biltzeko 30 bat atxikimendu baino ez zituzten falta astelehen eguerdi honetan.
“Erraustegiaren proiektu berriaren aurrean eta politikari bultzatzaileek proiektu garesti eta herritarren kezka handiaren aurrean erakutsi duten egoera kudeatzeko borondate eza ikusita, Zubietako erraustegiaren eraginen inguruko adituen arteko eztabaida publikoa eskatzen dugu, bi aldeak egongo direna: erraustegiaren aldekoa eta aurkakoa. Bi jarrerak kontrastatuko diren eztabaida publikoa eskatzen dugu. Eztabaida hori telebistan izatea nahi dugu”, diote.
Manifestazioa otsailaren 24an
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere bat egina du deialdi honekin. Gogoan izan, manifestazioa deitu dutela otsailaren 24rako 17:30etan Donostian, "Erraustegia gelditu. Birziklapena sustatu" aldarripean. Urtarrilaren 27an goi tentsioko linearen eta erraustegiaren aurka Azkortera eginiko mendi martxa amaieran iragarri zuten mobilizazioa.