Gazte usurbildarrak 400 euroko saria jaso du Usurbilgo Udaleko euskara zinegotzi Alaitz Aizpuruaren eskutik. Euskararen aldeko hautua egin baitu Ekain Manterola Uribek, gidabaimenaren zati teorikoa bere ama hizkuntzan ateratzekoa. Euskararekiko duen konpromisoa zati teorikoa ordaintzeko baliagarria izango zaio 400 euroko sariarekin eskertu dio Usurbilgo Udalak. Buruntzaldeko gainerako udalekin batera 2010az geroztik autoeskolak euskalduntzeko abian duen kanpainari lotutako, 400 euroko 9 sari zozketatu zituzten urtarrilaren 26an Potxoenean. Sariotako bat egokitu zitzaion ondoko irudian duzuen gazte usurbildarrari. Zorionak!
2010etik eragiten
Urtero gogorarazten diguten arren, hala da; gidabaimena euskaraz ateratzeak saria du Buruntzaldean, eskualdeko udal eta autoeskolek sektore hau euskalduntzeko egiten ari diren ahaleginari esker. 400 euroko 9 sari zozketatu zituzten urtarrilaren 26an Potxoenean egin zuten ekitaldian, iaz gidabaimenaren zati teorikoa Buruntzaldeko autoeskolaren batean euskaraz atera zutenen artean.
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen, udalerri bakoitzean dauden autoeskola adina sari zozketatu zituzten. Segidan dituzue onuradunen izen abizenak.
Buruntzaldeko udal eta autoeskolek begi onez ikusi eta egitasmoa 2018an sustatzen segitzeko asmoa agertu zuten. Maiatzean aurkeztuko dute kanpaina berria. Zorionak helarazi nahi izan zizkieten sarituei baina baita "ekimen honetan parte hartzen duten den denak, zoriontzeko moduko egitasmo eta ahalegina da". Kanpaina hau 2010ean abiatu zutenetik, 18 urtetik gorako 792 herritarrek gainditu dute gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz.
Bereziki gazteak dira eremu honetan euskararen aldeko apustua egin dutenak eta kanpaina hau ere bereziki gazteei zuzendua dago. 18 urteak bete ostean, gidabaimena ateratzeko asmotan direnei.
Sarituak
- Andoain: Elixabet Mendizabal Eceiza eta Amaia Armendariz Iturralde.
- Astigarraga: Lierni Roteta Artozamunoa.
- Hernani: Xabier Murugarren Guereñu, Beñat Montero Estensoro eta Nora Bengoetxea Goikoetxea.
- Lasarte-Oria: Alex Salsamendi Galan.
- Urnieta: Andoni Mugica Izagirre.
- Usurbil: Ekain Manterola Uribe.
Gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egin dutenak Buruntzaldean
2010: 34.
2011: 60.
2012: 112.
2013: 135.
2014: 140.
2015: 113.
2016: 95.
2017: 103.
Guztira: 792.