Usurbilgo Jai Batzordea martxan da jada! Abiatu dituzte uda hasieran ospatuko ditugun jaien antolaketa lanak. Potxoenean bilduta daude une honetan, herri eragile ezberdinetako kideak eta udal ordezkariak. Gaurkoan jai egunak finkatu eta lehen proposamenak biltzen hasi asmo dute.
Bilgune irekia da Jai Batzordea, eragile nahiz herritar orori irekia egoten da. Batzorde honetan hartu ohi dituzte, festen antolakuntzari lotutako erabakiak. Normalean, otsailean hasi eta maiatza aldera arte hilero biltzen da Jai Batzordea, festen prestaketen hari mutur guztiak ondo lotu arte.
Gogoan izan, bilgune honetatik antolatu ohi dira egitaraua diseinatzeko lehiaketa nahiz txupinazoa nork jaurti erabakitzeko proposamen bilketa ere.
Deitzaileek, bilerok izan ohi duten harrera nabarmentzen dute. "Azken urteetako jai-batzordeak oso jendetsuak izan dira, eta emaitza ere, halakoxea izan da, horrenbestez: jai parte-hartzaileak, herrikoiak eta egitarau oparoa", gogorarazten dute.