Euskararen erabileran izan den beherakadak kezkatuta, geure hizkuntza ahotan gehiagotan hartzea sustatzeko elkarlanari ekin diote hainbat herri eragileek, Euskal Herri luze zabalean aurten bideratuko den Euskaraldia ekimenaren testuinguruan. Ekarpenak eta bidelagun gehiago erakartzeko herritar ororentzat irekia izango den bilera deitu dute otsailaren 7rako 18:00etan Potxoenean. Erabakia, duela bi aste herriko hainbat eragileek eginiko bilkuran hartu zuten. Hitzordu hartan parte hartu zuten zenbait herritar elkarrizketatu ditugu lerrootan (Irudia: Usurbilgo Udala).
1-Euskararen kaleko erabilerak beherantz egin du azken datuen arabera. Nola ikusten duzu Usurbilgo egoera soziolinguistikoa?
2-Euskaraldia antolatzeko lanak abiatu dituzue. Zer iruditzen zaizu ekimen hau? Zer ekarpen egin nahi zenukete?
3-Euskaraldiaz haratago, euskararen erabilera suspertzeko eta lanketa honetan sakontzeko beharra ikusten duzu?
Ixabel Agirresarobe
Artixten Taldea
1-Zorionez uste baino datu hobeak dira, inpresioa baitut euskara gutxiago erabiltzen dela kalean. Gazteen artean erabat entzuten dut euskara eta zoragarria da. Horrek aurrera begiratzera animatzen gaitu. Baina kezkatzen nau haurren artean ematen den erabilera eta guraso euskaldunen artean erdaraz hitz egiteko dagoen ohiturak. Nire belaunaldikoak dira, jakin nahi nuke zergatik dauden halako desberdintasunak nire belaunaldikoen artean, leku berean jaioak izanda.
2- Asmo oneko ekimena da, baina sinbolikoagoa nire ikuspuntutik. Halere, intentzio on guztiak ongi etorriak izango dira, noski baietz. Beharra ikusi badute eta gure hizkuntza hainbeste maite dugunez, zerbait egin beharko dugu.
3-Egin beharko da lanketa sakonagoa. Potxoenean biltzeko deia egin denean, beharra dagoela esan nahi du. Neure aldetik ahal dudan guztia egingo dut.
Jurgi Fuentes
Bota Punttuba Bertso Eskola
1-Kanpotik Usurbila bizitzera etorritakoa naiz eta herria arnasgune bat dela igartzen da. Euskara asko erabiltzen da, jendeak erraztasun handia du. Baina erosotasunean erori dela uste dut, eta ez dela kontziente erabiltzen duen hizkuntzaz. Horrek eragiten du euskaraz dabilen bat elkarrizketa berean erdarara pasatzea edo gauza batzuk erdaraz esan, beste batzuk euskaraz adieraztea. Kontzientzia pizteak edo euskararekiko militantzia horrek asko hobetu dezake dugun egoera. Hurrengo belaunaldien eredu gara, kontuan hartzekoa dela uste dut.
2-Lagungarria eta kontziente egiteko baliagarria izango da. Zaila ikusten dut jendearengana heldu eta jendea gogotsu inplikatzea, baina pixkanaka egin beharko da.
3-Ondo ikusten dut batzorde egonkor bat egotea, baina beti epe labur edo ertaineko helburuak finkatuta, bestela jendea aspertu liteke. Euskaraldia ondo etorriko da ia bilguneak ondo funtzionatzen duen jakiteko ere.
Udarregi Ikastolako HIZPRO Taldea
1-Azkeneko erabilera datuen arabera erabilerak behera egin du baina euskaraz kalean gero eta gutxiago entzuten den susmoa eta kezka aspalditik dugu. Ikastolan, ezagutzaren eta erabileraren galdeketak egin izan ditugu eta jasotako datuak kezkagarriak izan dira; izan ere, erabileran beherakada dagoela adierazten dute. Esaterako, euskaraz oso ondo moldatzen diren guraso askok, seme-alaben presentziarik gabe gazteleraz hitz egiten dutela azaltzen dute.
2-Euskaraldia ekimena, herritarren jarrera eta jokabideen inguruan hausnarketa egiteko baliagarria izango da eta noski, gure alea jarriko dugu baina ekintza puntual batek ez ditu erabilera datuak aldatuko. Barneratuta dauden ohiturak aldatzeko ahalegin bat egin beharra dago jokabide-aldaketaren arrazoiak eta hartu beharreko erabakiak garbi izateaz gain haiekin bat egin behar dugu. Lortu behar dugu aldia gero eta zabalago eta iraunkorragoa izatea, gure bizitzetan egiteko modu sistematikoa bihur dadin “aldirako” planteatuko duguna.
3-Bai. Erabileran eragiteko ekintza asko egin izan dira baina oso gutxi, gaiaren inguruan, kezka dugun eragile guztiok elkartuta eginikoak. Guztion ekarpenekin, egunerokotasunean, herritarren erabilera suspertzen asma genezake. Honela, jarrerak eta jokabideak adostu genitzake eguneroko egoera zehatzetan aurkitzen garenean guztiok modu berean erantzuteko (euskararen erabilera areagotzen lagundu dezaketenak). Hausnarketatik hasita ekintzetara egin beharreko jauzia da. Ezagutza ez da nahikoa, erabilera sustatu behar dugu.
Alaitz Aizpurua
Usurbilgo Udala
1- Erne egon beharra dugu. Azken bi hamarkadetako goranzko joeraren ostean, beherakada eman da azken azterketan. Arnasguneetan ematen ari den fenomenoa da. Usurbilen euskaldunak izan garenez beti, dena eginda dagoen sentsazio hori bada. Baina ez da hala eta ezin dugu lasaitu. Transmisioa, hizkuntzarekiko afektibitatea… hori guztia landu behar da. Ezin gara lasaitu, herri euskaldun izateari utzi diezaiokegu bestela.
2-Erabileran izan den beherakadaren kezkatik abiatuta, eta ezagutza datuek erakusten duten moduan, potentziala dagoela ikusita, Udaletik bi helburu aipatzen genituen Euskaraldiaren harira; hizkuntza ohitura aldaketetan eragin eta euskaldunon sarea aktibatu beharra. Helburuok betetzeko lanketan, argi dugu ezinbestekoa dela administrazioa, eragile eta herritarrak elkarrekin aritzea.
3-Euskaraldia aitzakia polit bat izan zitekeela ikusi dugu. Batzuetan halako gaietan hausnartzen hasten gara, baina zehaztasunetara iristea kosta egiten da. Euskaraldia Euskal Herri mailako ekimen zehatz bat izanik, aitzakia ederra da euskararen erabileraren inguruan martxan jarri eta taldetxo bat osatzeko. Elkartu, konfiantza giroa sortu eta ahalik eta emankorrena izan dadin abiapuntua. Euskalgintzan beti dago zer egina, zoritxarrez euskararen normalizazioa ez da gaur egungo errealitate bat. Asko egin liteke.
Olatz Urdanpilleta
Etumeta AEK euskaltegia
1-Emaitzak besteetan baino kaxkarragoak badira ere ez dira hain txarrak. Baina arreta jartzeko datuak dira. Beherakada horren aurrean herriak potentziala badu, euskaldun oso asko dago. Gazte eta haur guztiek dakite euskaraz, motibazioan legoke gakoa. Motibazio hori suspertzeko euskararen balioaren harrotasun hori indartzeko bideratu beharko lirateke zenbait ekintza. Euskara jakin arren erdaraz hitz egiten dutenek askotan ohituraz egiten dute. Ohitura horiek aldatzea ez da hain zaila izaten, ahalegin txiki bat eginez gero. Baina ahalegin txiki hori egiteko prest egon behar dugu.
2-Euskararen erabilera areagotzea helburu duen Euskaraldia izugarri ona iruditzen zaigu euskaltegi gisa. Iaz, haurren artean erdaraz hitz egiteko joera handiagoa zegoela ikusirik, gurasoak euskalduntzeko taldea osatu genuen ikastolan. Aurten ere saiatu gara baina ez da osatu. Aukera horrek urtero hor egon behar luke. Usurbilen beste edozein premia ikusiko balitz eta euskaltegiaren beharra horretarako, ate guztiak irekiak ditugu.
3-Bakoitzak bere aldetik egingo duenak indarra izango du, baina elkarlanean denok batera egindakoak ehun aldiz gehiago. Denon lana da. Honi jarraipen bat eman behar zaio, herriak bere egin, honi buruz hitz egin eta plangintza bat egin: ikusi zer komeni zaion herriari, non dauden zuloak, non eragin daitekeen eta nola eta ze guneetan. Denok euskaraz normaltasunez aritu arte, proiektuok sekula ez lukete bukaerarik behar.
Mikel Usabiaga
Kantu Taldea
1-Hiztunak lortzen ditugun arren erabilera beherantz doa. Belarriak erne jartzea nahikoa da honetaz konturatzeko. Esaterako, ikastolako ikasleek, askotan, beren gurasoak (tartean ikastolako ikasle izan direnak) beren artean gazteleraz ari direla entzuten dituzte edo tabernan nahiz sarritan, telebista, irratia, musika gazteleraz bizi dute. Inguruan euskaraz bizi ez den herritarren giroa nabaritzean, edo eta, ikastolako eguneroko hizkuntza horren prestigiorik kalean sumatzen ez dutenean, belaunaldi berri hauei, zaila egiten zaie kaleko komunikazio naturalean txertatzea, ondorioz, hizkuntzaren funtzio ez akademikoa ez dute behar bezala garatuko. Berdin gertatzen zaie AEKtik datozen euskaldun berriei. Helduon artean, sarritan, gazteleraz eta euskaraz nahastutako mintzaera barra-barra erabiltzen dugu, euskañolez alegia. Egoera soziolinguistiko honen ardura denona da, noski. Ordea, ardura batzuek ez dute eraginkortasun berdina. Esaterako, zerbitzu mota guztietako langile hauek beren eguneroko lanean euskaraz bizitzeko ohitura izateak berebiziko garrantzia eta eragina izango luke hizkuntzaren erabilpenean. Bestalde, Km 0-ko erosketak egitearen garrantziaz badirudi ari garela konturatzen, ordea, gure hizkuntza, musika, kantua, kirola, artea,… Km 0-koak kontsumitzeaz ez hainbeste, eta kontsumo honek, besteak beste, gure euskaldun izatearen nortasuna garatzea lekarke.
2- Ilusioz hartu dugu ekimen hau Kantu Taldean. Gure helburu nagusia Euskal Kantuen Transmisioa hedatzea da eta gure artean euskaraz bizitzeko ohitura areagotzea eta sendotzea. Bestetik, Euskaraldiari bultzada bat emanez auzolanean aritzeko prestutasuna azaldu nahi genuke, euskaraz eta euskal kantutik ekarpenak eginez.
3-Oso beharrezkoa da, auzolanean, herritarron artean, gure hizkuntzaren eta oro har, kulturaren bilgune sustatzaile bat sortzea. Usurbil, Euskararen arnasgune bilakatzen lagunduko duela uste dugu bilguneak.