Momentuz inguruotan, Andatza gainera baino ez da heldu elurra, baina beherago ere egin dezake hurrengo orduotan. Elurragatik alerta laranja indarrean izango da Gipuzkoa barnealdean ostegun eguerdira arte. 100-300 metro artean zuritu dezake, baina aipatu moduan, edozein unetan beherago ere egin dezake. "Prezipitazio txikia egingo du, noizbehinka ertaina kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak izan eta txingorra egin dezake kantauri isurialdean", Euskalmet meteorologia agentziaren arabera.
Bihar, osteguna, goizean 100-300 metro artean egin dezake elurra, arratsaldean gorago, 500 metro inguruan. "Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago kantauri isurialdean eta mendebaldean; arratsalde-gauean atertu egingo du. Trumoi-ekaitzak eta txingorra bota ditzake, kantauri isurialdean, bereziki goizaldean", Euskalmet-en iragarpenak dioenez. Ostegun iluntzean gainera, abisu horia aktibatuko dute iluntzeko 21:00etatik ostiral goizeko 10:00etara, tenperatura baxu eta izotzagatik.
Egun berean, otsailaren 9an alegia, goizean 400-500 metrotan elurra egin dezake, eguerdian 800-1000 metro artean eta arratsaldetik aurrera, berriz 200-400 metro artean. "Goizetik aurrera prezipitazio txikia egingo du, ertaina egunaren bigarren partean eta kantauri isurialdean, bereziki ekialdean".
Aurreikusitako lodiera 1-8 zentimetro 600 metrotan, 0-2 zentimetro 200 metrotan gaur. Ostegunean, 5-15 zentimetro 600 metrotan, 0-5 zentimetro 200 metrotan. Ostiralean, 5-15 zentimetro 600 metrotan, 0-2 zentimetro 200 metrotan.
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Otsailak 7, asteazkena
"Negu-beteko giroa. Elur-maila apur bat gehiago jaitsiko da eta 100-300 m artean egongo da. Ez da baztertzen, gainera, uneren batean itsas-mailara ere jaistea. Zeruan hodeiak ugariak izango dira eta zaparradak botako ditu, ugariagoak ipar partean; bertan tarteka trumoitsuak izan litezke. Iparraldeko haizea ibiliko da, bolada indartsuekin kostaldean eta mendi inguruetan. Elurrarekin batera, hotza izango da protagonista; maximoak ozta-ozta iritsiko dira 2-3 ºC-ra barnealdean eta 5-7 ºC-ra, berriz, kostaldean".
Otsailak 8, osteguna
"Ostegunean hobera egingo du egunaren bigarren partean. Goizean oraindik ere prezipitazioak espero ditugu, mendebaldean bereziki, eta elur-mailak 100-300 m inguruan jarraituko du. Dena dela, arratsalde-gauean atertzera egingo du eta elur-kota 500-600 m ingurura igoko da. Iparraldeko haizearekin jarraituko dugu eta tenperaturan ez da aldaketa handirik espero; gauean ia lurralde osoan izotza botako du, izotz handia Arabako zenbait tokitan".
Otsailak 9, ostirala
"Ostiralean prezipitazioa izango dugu berriro. Goizaldean zerua hodei gutxirekin egongo denez, Araba eta Nafarroako zenbait puntutan izotz handia egin dezake. Kostaldean ere baliteke 0 ºC inguruko tenperatura neurtzea. Goizak aurrera egin ahala hodeiak ugarituko dira eta horrekin batera prezipitazioa egingo du, arratsaldean noizbehinka mardula izan daiteke. Elur-kota 500 m-tik 200 edo 300 m-ra jaitsiko da gauean. Goizaldean haize ahula ibiliko da baina arratsaldean iparraldetik finkatu eta indartu egingo da. Tenperatura minimoek behera egingo dute eta maximoak apur bat igo daitezke".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus
Asteazkena | Osteguna | Ostirala | Larunbata | Igandea | Astelehena |
---|---|---|---|---|---|
https://twitter.com/Euskalmet/status/961291035988168704
https://twitter.com/Euskalmet/status/961187058181124097
https://twitter.com/112_SOSDeiak/status/961292895516053504