Gure Esku Dagoren "Zergatik erabaki?" hitzaldi zikloko Donostiako saioa zuzenean ikusgai

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 7a, 06:52

Gure Esku Dagok antolaturiko "Zergatik erabaki?" solasaldi zikloaren baitan, kulturaren inguruan asteazken iluntze honetan Donostian egiten ari diren mahai-ingurua zuzenean streaming bidez ikusteko aukera dago une honetan Sutegin, Usurbilgo Gure Esku Dago taldeari esker. Interes handiz jarraitzen dabiltza ekitaldia, kultur etxeko erakusketa gelan batu diren herritarrak. Albiste honi atxikitako bideoan ere jarrai dezakezue saioa. Donostiako Eureka zientzia museoan kulturaz solasean ari dira Josu Etxaburu, Mikel Irizar, Lorea Agirre eta Iñaki Goirizelaia. Idurre Eskisabel ari da bideratzen mahai ingurua.

Erabakitzeko zergatien bilketa

Zergatik eta zertarako erabaki, gai honi buruz hausnartzeari ekin dio Gure Esku Dago mugimenduak. Erabakitzeko 2019 arrazoi bildu nahi dituzte aurten, herriz herri, eskualdez eskualde bideratu asmo duten lanketaren bidez. Prozesu horretatik sortuko da gero, Herritarron Ituna deiturikoa. Aipatu moduan, erabakitzeko hamaika zergati bilduko dituen ituna.

Itun honen lanketa girotzen hasteko solasaldi zikloa antolatu du Gure Esku Dagok datozen asteotarak hiriburuetan, "Zergatik erabaki?" izenburupean. Lehenengo saioa, ongizatea hizpide nagusi zuena, urtarrilaren 31n egin zuten Bilbon. Helena Francok bideratu, eta Garbiñe Aranburuk, Jon Agirrek, Emilio Olabarriak, Adrian Zelaiak eta Igor Merak parte hartu zuten saioan. Albiste honi atxikia duzue solasaldi hartako bideoa.

Hitzordua streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera eskaini zuen Usurbilgo Gure Esku Dagok Sutegin. Segidan solasalditxoa ere egin zuten. Datozen hiru asteazkenetan, Donostian, Iruñean eta Gasteizen antolatu dituzte hitzaldiak. Hitzorduok ere Sutegiko erakusketa gelan streaming bidez ikusteko aukera izango da. 

EGUTEGIA

-"Zergatik erabaki?" hitzaldi zikloa hiriburuetan urtarrilaren 31n, otsailaren 7an, 14an eta 21ean 19:00etan. Solasaldiok streaming bidez Sutegin ikusteko aukera.

-Urtean zehar: erabakitzeko arrazoiak bilduko dituen Herritarron Itunaren lanketa herriz herri.

-Maiatza: Herritarron Itunerako arrazoi bilketa festa giroan plazaratzeko, Klik Eguna herrietan.

-Ekainak 10: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea. Usurbildik igaroko da.

-Hortik aurrera, Herri Itunean jasotako edukiak plazaratu eta sustatzea.

USURBILDIK IGAROKO DEN GIZA-KATEA

Eguna: ekainak 10, igandea.

Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".

Abiapuntua: Donostiako Kontxa.

Helmuga: Gasteiz.

Luzeera: 201,9 kilometro.

Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbildik igaroko da.

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Deitzailea: Gure Esku Dago.

Informazio gehiago:

gureeskudago.eus

Twitter: @GureEskuDago/@GureEskuDagoU

Facebook: Gureeskudago/ Gure Esku Dago Usurbil

https://twitter.com/GureEskuDagoU/status/960789729796030464

https://twitter.com/GureEskuDagoU/status/958985729367035904