Gure Esku Dagok asteotarako hiriburuetan antolaturiko "Zergatik erabaki?" solasaldi zikloa, streaming bidez zuzenean Sutegin ikusteko aukera eskaintzen ari da Usurbilgo Gure Esku Dago. Asteazken iluntzean, kulturaren inguruan Donostiako Eureka zientzia museoan egin zuten mahai-ingurua ikustera hurbildu zen herritar talde bat kultur etxeko erakusketa aretora. Solasaldia ikusterik izan ez bazenuten, albiste honi atxikitako bideoan duzue osorik. Josu Etxaburu, Mikel Irizar, Lorea Agirre eta Iñaki Goirizelaia aritu ziren hizketan. Saioa, Idurre Eskisabelek bideratu zuen.
Bilbon ongizateari buruz eta Donostian kultura hizpide nagusi zuen solasaldia egin ostean, beste bi ekitaldi antolatu ditu Gure Esku Dagok hurrengo hamabostaldirako. Otsailaren 14an, Iruñeako Baluarten herritartasunari buruz jardungo dute, eta hilaren 21ean Gasteizko Europa Jauregian "Gure lurraz". Mahai-inguru guztiok ere streaming bidez zuzenean ikusteko aukera eskainiko du Usurbilgo Gure Esku Dagok 19:00etatik aurrera Sutegin.
Erabakitzeko zergatien bilketa
Herritarron Ituna lantzeko abiapuntua izaten ari dira hiriburuetako solasaldi hauek. Erabakitzeko 2019 arrazoi bildu nahi dituzte aurten, herriz herri, eskualdez eskualde bideratu asmo duten lanketaren bidez. Prozesu horretatik sortuko da urte amaieran, Herritarron Ituna deiturikoa. Aipatu moduan, sektore eta eragileen erabakitze eskubidearen aldeko konpromisoez, erabakitzeko hamaika zergati bilduko dituen ituna. Atzoko Donostiako solasaldian ziotenez ordea, "aurrez herritarrok gure ekarpena egin nahi dugu, zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun plazaratuz". Ekarpenak egiteko aukera izango da martxotik ekainera bitarte, herriz herri. "Zenbat eta ekarpen gehiago hobe, zenbat eta zehatzagoak hobeto", ohartarazi du Gure Esku Dagok.
Martxorako mintegiak iragarri dituzte herriz herri eta eskualdez eskualde. Erabakitzeko norbere arrazoiak plazaratzeko aukera izango da baita, sarean. Ekainaren 10erako iragarri duten giza-katea ere erabakitzeko zergatiak plazaratzeko baliatu nahi dute. Gogoan izan, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen ekimena Usurbildik ere igaroko da.
EGUTEGIA
-"Zergatik erabaki?" hitzaldi zikloa hiriburuetan urtarrilaren 31n, otsailaren 7an, 14an eta 21ean 19:00etan. Solasaldiok streaming bidez Sutegin ikusteko aukera.
-Ekainera bitarte: erabakitzeko arrazoiak bilduko dituen Herritarron Itunaren lanketa herriz herri eta eskualdez eskualde.
-Maiatza: Herritarron Itunerako arrazoi bilketa festa giroan plazaratzeko, Klik Eguna herrietan.
-Ekainak 10: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea. Usurbildik igaroko da. Erabakitzeko zergatiak plazaratzeko eguna.
-Urte amaierarako: Herritarron Ituna prest. Segidan, haren gizarteratzea.
USURBILDIK IGAROKO DEN GIZA-KATEA
Eguna: ekainak 10, igandea.
Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".
Abiapuntua: Donostiako Kontxa.
Helmuga: Gasteiz.
Luzeera: 201,9 kilometro.
Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbildik igaroko da.
Informazio gehiago: gureeskudago.eus
Deitzailea: Gure Esku Dago.
Informazio gehiago:
Twitter: @GureEskuDago/@GureEskuDagoU
Facebook: Gureeskudago/ Gure Esku Dago Usurbil