Udarregi Ikastola, Aginaga eta Zubietako Eskolak, hezitzaile eta ikasleak mozorrotu eta Inauteriak ospatzera doaz gaur. Ezohiko klase eguna izango dute beraz.
50. urtemuga ospatzera
Ikastolak 2018an beteko dituen 50 urteen harira, ekimen bereziak antolatzekotan dira hurrengo hilabeteotan. Testuinguru berean kokatu daitezke baita, ostiral honetan, otsailaren 9an ospatuko dituzten inauteriak ere. Aurreko urtera arte, Oiardo Kiroldegian ospatzen zuten ikuskizun bakar eta berean biltzen zituzten, HH, LH eta DBH-ko ikasleen koreografiak.
Urte berezi honetan ordea, goizetik arratsaldera luzatuko dituzte ospakizunak. Emanaldiak zikloka eskainiko dituzte. Goizean, HH-koena eta DBH-koena eta arratsaldean, LH-koen saioa. Denak Oiardo Kiroldegian, txikiena izan ezik. Hauek kalejiran irten eta frontoian plazaratuko dituzte haien dantzak. Segidan kalejiran irtengo dira LH eta DBH-koak, batera.
Oiardo Kiroldegiko aforo mugatua dela eta, honako oharrak plazaratu ditu Udarregi Ikastolak. "LHko eta DBHko ikasle bakoitzak gonbidapen bat jasoko du. HHko ikasleek, aldiz, hiru gonbidapen jasoko dituzte. Familiaren batek gonbidapena erabiltzeko asmorik ez badu, arren, utz dezala idazkaritzan. Haur txikiek (24 hilabete bitartekoak) gonbidapena beharko dute kiroldegira sartzeko. Aforoa errespetatze aldera, soberan geratu diren gonbidapenak sarreran banatuko ditugu".
Ikastolaren 50. urtemuga, ikuskizunotarako hautatu dituzten jantzietan ere nabariko da. 28 urtez luzez antolatu izan dituzten emanaldietako gai desberdinen arteko personaien aukeraketa egin dute urte berezi honetarako.
Eskola Txikietako inauteriak
Gaur ospatuko dituzte baita mozorro festak, Aginagako eta Zubietako Eskoletan. Aginagan unibertsoaren gaiari lotutako ikuskizuna plazaratuko dute Eliza Zaharrean. Zubietako Eskolako kideek musikalen gaia. Kalejiran irtengo dira.
https://youtu.be/Favk8ixJnSE
https://youtu.be/iLmGMLcZmP0
INAUTERIAK IKASTETXEETAN
Udarregi Ikastola
Otsailak 9, ostirala
10:15ak aldera HHko ikasleak, urteroko mozorro bitxiekin, herriko frontoira jaitsiko dira beraien dantzak egitera. Frontoian 10:30etan. Eguraldi txarra egingo balu, HH-ko dantza festa Oiardo Kiroldegian ordu berean. Kiroldegira sartzeko sarrera irekia egongo da denentzat.
11:00 2 autoen atzetik, LHko ikasleak eta aurten, DBHko ikasleak LHko ikasleen artean gehituz, urteroko “Martxa” dantzatuko dute herria 2 ibilbideetan zeharkatuz; bat, Kaxko ingurutik eta bestea, Kalezar ingurutik, herritarrak girotuz, herria alaituz…
11:45 DBHko ikasleek beraiek antolatutako dantzak eta mozorroak, urtero moduz bikain landuak, aurkeztuko dituzte Oiardo Kiroldegian, LHko ikasleak eta nola ez, DBHko gurasoak gonbidatuz.
15:30 LHko ikasleek gogotsu aurkeztuko dituzte Oiardo Kiroldegian, beraien mozorroak eta dantzak. Hauek baita ere oso ongi landuz, HHko ikasleak eta LHko gurasoak gonbidatuz.
Oharra: Udarregitik, DBHko eta LHko gurasoei Oiardo kiroldegira sartzeko sarrerak banatu egingo zaizkie. Hala eta guztiz ere, Kiroldegiko sarreran, soberan geratu diren sarrerak banatzen arituko dira Kiroldegiaren aforoa bete arte.
Antolatzailea: Udarregi Ikastola.
Aginagako Eskola
15:00 Aginagako Eskolako kideen emanaldia Eliza Zaharrean. Unibertsoa hautatu dute mozorrotzeko gaia aurten. Gai honi lotutako koreografiak eskainiko dituzte.
Zubietako Eskola
15:30 Inauterietako kalejira Zubietako Eskola Txikitik abiatuta, Alamandegin, Barazarren eta Zubietako plazan egingo dituzte geldiuneak. Aurtengo gaia: musikalak.
Amaieran, Guraso Elkarteak prestatutako askaria.