Ezagunak ditugu Ordiziako Burrunbazale txarangakoak, besteak beste, urteak daramatzate Inauteri Festa alaitzen. “Eskertzen da usurbildarren konfiantza” adierazi diote NOAUA!ri. Gustura itzuliko dira aurten ere. Goiz eta arratsalde ibiliko dira kalean gora eta behera. Eguerdian Kantu Taldekoekin batera abiatuko dute saioa. Iluntzean frontoian amaituko dute, bertaratzen direnak dantzan jarriz. Badakizue, animatu eta segi txarangakoen bidetik!
Zer berezitasun ditu Usurbilgo plazak?
Iker Gomez (Burrunbazale txarangako kidea): Ni ere kide naizen Gipuzkoar izaerako herri tipiko bat dela uste dut. Besteek esango dutenarekiko erreparoa izaten dugu, pixka bat denak gara halakoxeak. Inauterietan mozorrotzen gara eta kuadrilan gaude baina formak zaindu edo gordetzen ditugu. Ez da sekulako zalaparta egoten txarangaren inguruan, jendea ez da gure atzetik saltoka ibiltzen, alde horretatik moderazio handi samarra dugu. Kasuotan, txarangaren funtzioa jendea girotzea eta fondoko musika hori jartzea da, jendea kalean egon, tabernaz taberna ibili edo ikusmiran dagoen artean. Estimatzen den zerbait bada txaranga.
Sarritan musikari eta publikoaren artean egon den distantzia murrizteko trikimailu edo estrategiarik izaten al duzue?
Batetik, publikoaren arabera moldatzen dugun errepertorioa. Kasu honetan inauteriak izanik, inauterietako pieza dezente jotzen saiatzen gara. Bestalde, musikaz gain beste zerbait ematea. Baditugu gu ere saltokan jartzen gaituzten koreografia txikiak. Eta jendeak zer nahi duen behatzea izaten da beste gakoetako bat.
Txaranga batek zer formatutan funtzionatzen du ondoen?
Indar metaketak aberasten du kalejira. Trikitilariak, erraldoi eta buruhandien konpartsa, kantu-jira eta txaranga nahasteak desfileari aberastasun polit bat emango lioke. Zenbat eta elkarte gehiago eta desberdinago aldi berean jarri bakoitzak dakienak egiten, horrek denak aberastu, osatu eta ikusgarritasuna ematen dio kalejirari.
Txarangek inoiz baino arrakasta gehiago dutela dirudi egunez, jendetza mugiarazten duzue.
Txaranga gehiago hartzen dituzte eguneko ekintzetarako, gaueko ekintzetarako baino. Guk urtean zehar eskaintzen ditugun emanaldi gehienak egunez dira. Jada txarangak emanaldien %95a egun argitan eskaintzen ditu.
Zein izan zen txarangaren abiapuntua?
Musikarako tradizioa aspaldikoa izan arren, Ordiziako lehenengo txaranga da. 2006an sortu zen, Beti Argi musika bandaren testuinguruan. Musika zaletasunak lotzen gintuen lagun talde bat geunden musika bandan gustura. Baina guk txarangak ahalbidetuko zigun beste ildo bat landu nahi genuen. 2005eko eguberrietan abiatu, 2006an entseguekin hasi, hainbat kide musika instrumentuetan prestatu, partiturak lortu eta sortzen hasi ginen. Urte hartan Ordiziako eta Azpietiko jaietan, Nafarroa Oinezen jotzeko aukera izan genuen. Hasiera zoragarria izan zen.
Zer eman dizue hamarkada batetik gorako ibilbideak?
Jatorrizko helburuak bete dira pertsonalki eta talde mailan. Jai garrantzitsu askotan egon ahal izan gara eta gainera festak barru barrutik bizitzen, txarangari esker. Laguntasun eta musika esperientzia gisa, herriak eta festak ezagutu ostean, heburua zalantzarik gabe beteta. Maila pertsonalagoan, taldeak erakutsi digu baita gure buruaren jabe izan behar dugula; lagun garenean dena errazagoa dela baina gero entseguen dinamikan sartzen zara, hor ere antolaketa bat behar da. Taldea nahiko berezia da, ez du zuzendaririk, irekiak eta anarkista samarrak gara.
Taldeak du indarra.
Hala izatea nahi izan dugu. Asko baloratzen diguten ezaugarria da. Bada musika ezagutzarik gabe taldean sartu dena eta hori asko eskertu izan dute. Bestalde, oso gertu egon izan gara herritarrengandik eta hori da gure lorpenik politena. Jendearen maitasuna, aprezioa eta haiek gugan bereizgarri bat ikusi dutela, poztekoa da.
Zuen hainbat asteburu desberdinak izango dira. Nola uztartzen duzue eguneroko bizimodua txarangarekin?
Hori ere dezente argi izan dugu, nahi duguna egiten dugu nahi dugun bitartean. Ez dugu gure agenda betetzen betetzeagatik edo dirua irabazteagatik. Festetan jotzeko aukera izan arren, abuztuan oporretara joaten gara hala egin nahi dugulako. Urtean zehar ere guk nahi ditugun emanaldiak eskaini ohi ditugu. Txaranga ez dugu zama izatea nahi.
Etorkizunari begira ibilbidea badu taldeak?
Nahi dugun arte izango da. Hori ere ez da presio bat. Lehenengo txaranga izango da, hau desagertu eta beste batek etorri behar badu etorriko da. Baina ez dut uste hori gertatuko denik epe laburrean.
Zer ekarriko diguzue larunbatean?
Aurten normalean baino gehiago luzatuko dugu emanaldia. Iaz bezala goiz eta arratsalde ibiliko gara, eta aurten lehenengo aldiz, ia ordubeteko dantza saiotxo bat egingo da iluntzeko 20:30ak aldera frontoian. Ia jendea animatzen den. Inauterietako errepertorioa denetariko abestiekin uztartzen saiatuko gara. Inauteri on opa dizuegu usurbildarroi!