Mendekotasunen Prebentziorako Plana berritzeko bilera irekia ostegunean

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 13a, 11:22

2013. urtean lau urterako onartu zuen Mendekotasunen Prebentziorako lehen planaren indarraldia amaituta, ebaluatu eta berritzera doa Usurbilgo Udala. Gai honekiko interesa duten herritar, eragile nahiz taldeekin bideratu nahi dute lanketa hau, "elkarlanean eta esperientziak elkarbanatuz". 

Testuinguru honetan, plan berria osatzeko bilera ireki bat deitu dute otsailaren 15erako eguerdiko 13:00ean Potxoenean. Aipatu moduan, gai honekiko interesa duen norbanako edo talde oro gonbidatu dute hitzordura. Saio honetan, Udaletik aditzera eman dutenez, "drogei buruz hausnartuko da, lotzen zaizkion faktoreak, esparru legala, prebentziorako estrategiak, prebentzio komunitarioko programak, tokiko plana, faseak, abiadura... Azken batean, topaketa horren helburua drogamenpekotasunen fenomenoaren gainean herritarren ikuspuntua elkarbanatzea da, baita arlo bakoitzean abian jarri beharreko prebentziorako estrategiak aztertzea ere". Bilera egoki antolatu ahal izateko bertaratu nahi duenak aurrez jakinarazteko deia egin du Udalak, Gizarte Zerbitzuetara deituta, 943 377 110 telefono zenbakira.

Udaletik nabarmentzen dutenez, guztiok dugu zer esana gai honen inguruan. “Drogamenpekotasunaren fenomenoak  guztioi kezkatzen gaitu, eta denok egin ditzakegu ekarpenak gure esperientziatik abiatuz, gure laneko ikuspegitik, gure gizartearekiko eginkizunetik, eta, orokorrean, agente prebentiboak garen aldetik”.

Planaren idazketa prozesua Agipad elkarteak dinamizatuko du. "Drogamenpekotasunaren arloan eskarmentu handia duen elkartea da Agipad eta hainbat eta hainbat erakundeekin ditu hitzarmenak gai hori lantzeko. Baita Usurbilgo Udalarekin ere", berri eman dute ohar bidez Udaletik.

Plana eguneratzea ezinbestekotzat ikusi du Udalak, aurrekoaren indarraldia amaitua egoteaz gain, Agipad elkartetik nabarmentzen dutenez "drogamenpekotasunaren fenomenoa oso aldakorra" delako, "eta, beraz, bere egunean ezarritako proiektuak eta ekintzak aldizka aztertzeko eta ebaluatzea ezinbestekoa da".

BILERA

Eguna: otsailak 15, osteguna.

Ordua: 13:00.

Tokia: Potxoenea.

Edukia: drogamenpekotasunaren gaineko hausnarketa egingo da.

Nori zuzendua: gai honi buruz interesa izan dezakete herritar, eragile eta taldeentzat.

Oharra: bertaratu asmo duenak aurrez jakinarazi dezala Gizarte Zerbitzuetara deituta, 943 377 110 telefono zenbakira.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.