"Aintza (Slava)" etzi, "Ostiraletako Zinea" zikloaren baitan

Noaua Aldizkaria 2018ko ots. 14a, 08:25

Udarregi Ikastolako DBH4-ko gazteek Usurbilgo Udalaren laguntzaz antolaturiko zine zikloaren hurrengo saioa, otsailaren 16rako iragarri dute 19:00etan Sutegin. Oraingoan, "Aintza (Slava)" proiektatuko dute jatorrizko bertsioan, euskarazko azpitituluekin 12 urtetik gorakoentzat. Sarrerak egunean bertan, 2 eurotan izango dira salgai kultur etxean.

Gogoan izan, sarreretatik bildutako dirua, apirila amaieran Bartzelonara egingo duten bidaiako gastuak ordaintzera bideratuko dute.

Hala dio filmeko sinopsiak. "Goiz batean, Tsanko Petrovek, trenbideetako langileak, diruz betetako poltsa bat aurkituko du trenbidean. Poliziari abisatzea erabakiko du. Garraio Ministerioko agintariek, korrupzio kasu batengatik egun horietan egunkarietako lehen orrialdean ageri direnek, Petrov saritzea erabakiko dute bere jokabideagatik, era horretan berri on bat emateko asmoz. Eskumuturreko erloju bat oparituko diote ekitaldian, eta daramana kenduko diote: aitak oparitutako glory bat. Bere erlojua berreskuratzen saiatu bitartean, galdu egin dutela jakingo du. Hemen hasten da bere erloju zaharra eta bere duintasuna lehengoratzeko ekingo dion borroka".