Usurbilgo Udalak asteazken honetarako bi bilera garrantzitsu dituela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin; haietako bat Bide Azpiegituretako diputatuarekin, bestea Gizarte Politikako diputatuarekin. "Gure herriarentzat garrantzia handiko proiektuak izango dituzte hizketagai", ohartarazi dute Udaletik.
Kalezarko zahar egoitzaren gaiaz jardungo dute udal ordezkariek Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin eta Matia Fundazioko kideekin. Proiektuari bultzada erabakigarria eman asmo diote. Gure Pakea Elkarteko kideek ere parte hartuko dute bilkuran. "Hain zuzen, jubilatuen elkarteak 3.500 usurbildarren sinadurak bildu zituen Zahar Egoitzaren proiektua berrartzeko eskatuz, eta irailaren amaieran eman zizkioten eskura Maite Peñari, gure herrira egindako bisita baliatuz. Udal gobernuaren agendan oso presente dagoen gaia da, eta azken hilabeteotan harremanetan eta elkarlanean aritu da Matiarekin eta Diputazioarekin, proiektua bideragarri egiteko", ohartarazi dute.
Pasabide arriskutsuen gaia
Udal ordezkariak Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin ere bilduko dira. Udalerri honetako puntu edo pasabide arriskutsuen gaia konpontzea eskatuko dute, "eta herriko puntu beltzen azterketa mahai gainean jarriko diote, herritarren segurtasuna bermatuko duten soluzioak topatzeko. Hala nola Troiako pasabideaz, Txokoaldeko sarrera-irteeraz eta Aginaga gurutzatzen duen N-634 errepideak eragiten dituen arazoez jardutea da helburua".
Gogoan izan, Troiako pasabiderako proiektua egina du Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta aurtengo haien aurrekontuetan txertatua dute proiektuaren exekuzioa, baina finantziazioa behar du. "ETSk eta Diputazioak erdira finantzatu behar dute proiektu hori, baina, hilabete luzeotan proiektua mamitzen aritu ostean, diputazioak azken unean dirurik ez duela jarriko esan berri du. Hain zuzen, gaurko bileran udalak proiekturi heltzeko eskatuko dio diputazioari", berri eman dute.