Etxeko berri lerrootan. Ondoko irudian ikus dezakezuen moduan, heldu zaizkigu 2017ko NOAUA! guztiak bildu (683-723 artekoak) eta koadernatu ahal izateko tapak eta aurkibideak. NOAUA!ko egoitzan eskuratu ditzakezue. NOAUA!ko bazkideok doan, gainerakoek 3 euro azalaren eta beste 1,20 euro aurkibidearen truke. Iazko astekari guztien koadernatzea Lizardi edo Laurok liburu dendatan egin ahalko duzue. Hori bai, koadernatzea berdin-berdin ordaindu beharko dute bazkideek eta bazkide ez direnek. Koadernotzeko aleren bat falta bazaizue, NOAUA!ren egoitzara etorri eta eskatu.
Bazkideen arteko zozketak
NOAUA!ko bazkide izateak oparia dakar! Galdetu bestela Angel Matxain Maiz herritarrari. Otsailaren 9an Zubietako Iruin sagardotegian 2 lagunentzako otordua zozketatu genuen NOAUA! K.E.-ko bazkideon artean. Angeli egokitu zaio saria. Zorionak! Adi, hurrengoa zu izan zaitezke. Otsailaren 23an, Santueneko Aialde Berri sagardotegian 2 lagunentzako otordua zozketatuko dugu bazkideon artean. Zorte on!
Oraindik NOAUA!ko bazkidetza egin gabe baduzu, NOAUA!ra etorri eta segituan tramitatuko dizugu. Zozketetan hainbat sari irabazteko aukera izateaz gain, NOAUA!k antolaturiko ekitaldien sarreretan beherapenak izango dituzu, eta garrantzitsuena, proiektu honetako erabakietan parte hartzeko aukera ere bai. Argibide gehiagorako:
elkartea@noaua.eus
943 360 321
Martxorako bi hitzordu
Hala da. NOAUA! kideok bi hitzordu ditugu hurrengo hilabetera begira. Batetik, azken aldian ekoitzi diren euskarazko film laburren proiekzioa antolatu dugu martxoaren 4an. Otsaila amaieratik, hilabetez herriz herri biran ibiliko den Laburbira ekimenaren 15. edizioa, NOAUA!ren eskutik helduko da Usurbila. "Ilunpetan", "Night Shift", "Higadurak", "Ejecutor", "Tazan", "Areka", "Kreba" eta "Zulo", horratx aurtengoan ikusi ahalko ditugun ikus-entzunezko lanen izenburuak.
Martxoaren 13an bestalde, bazkideok hartuko dugu hitza. NOAUA! Kultur Elkarteko bazkideen urteko batzar nagusia izango dugu Potxoenean. Iazko balantzeaz eta urte berriko egitasmoak hartuko ditugu ahotan, egon daitezkeen ekarpenak bildu eta zalantzak argitzearekin batera.
Errigora
Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena eta euskalgintza bultzatzen duen Errigora ekimena, kanpaina berri baten atarian da. Kontserbak eta oliba olioa Euskal Herriko etxeetara zabaltzeko egitasmoa abiatzera doaz. Ohi bezala, NOAUA! Kultur Elkarteak bat egingo du deialdiarekin. Martxoaren 6tik 20ra bideratu beharko dira eskaerak NOAUA!n. Xehetasun gehiago, aurrerago.